Gasteizko Txantxangorri Haurreskola Publikoa itxiko da, Jaurlaritzak pribatuak diruz laguntzen jarraitzen duen bitartean

586

Gasteizko Udalak eta Haurreskolak Partzuergoak Gasteizko Txantxangorri Haurreskola ixtea erabaki dute, bertako langile eta familiei jakinarazi zitzaienaren arabera. Itxieraren arrazoiak dira azken urteetako matrikulazioaren beherakada eta, Txantxangorri gabe, auzoko familiek zerbitzua bermatua dutela.

Erabaki horren aurrean, LAB sindikatutik, Txantxangorri haurreskolan gaur egun dauden haurrek inguruko haurreskoletan lehentasunez matrikula bermatuta izatea eskatu genuen, ulertzen baitugu jaiotza tasari eta kontziliazio neurriei erantzuteko plaza publikoen kopuru nahikoa eskaintzen direla Lakua auzoan.

Hala ere, LABetik adierazi nahi dugu, haurreskola publiko baten itxiera ematen den bitartean, onargaitza dela 0-3 zikloko eskaintza pribatuari diru-laguntza unibertsalak ematen jarraitzea, itxiko den haurreskola honetatik gertu dagoen zentro pribatuari ematen zaizkion moduan.

Beraz, LABek Hezkuntza akordioaren testuinguruan, Eusko Jaurlaritzari beste behin honakoa eskatzen dio:

  • Haurreskolak Partzuergo Publikoaren doakotasuna 2022/23 ikasturtean abiatzea, eta unibertsalizaziorako urratsak ematea.
  • Argitzea zer gertatuko den itundu gabe dagoen 0-3 zikloarekin eta zentro pribatu eta itunduei ematen den diru-laguntza unibertsalekin.

Gaur egun ematen diren diru-laguntza unibertsal hauekin jarraituz gero, segregazioan sakondu egiten da, eta zentroen arteko matrikulazio-lehia birproduzitzen da. Haurreskolak Partzuergoa nekez berrindartuko da egoera honetan.