Gasteizko Txantxangorri haurreskola itxiko du Jaurlaritzak

386

Haurreskolak Partzuergoak jakinarazi digu Gasteizko Udalak Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeari hurrengo 2022/2023 ikasturtearen matrikulazioari begira Txantxangorri haurreskolan, plazak ez eskaintzea eskatu diola, ondorioz haurreskola ixtea. Azkenengo urteetan oso haur gutxirekin funtzionatu duen haurreskola da eta horren ondorioz hezitzaileak
desplazatuta egon dira.
Zuzendaritza Batzordean eskaera onartua izan den ez badakigu ere, martxoaren 21an Haurreskolak Partzuergoko gerentea eta pertsonal burua haurreskola honetako langileekin jada bildu zen honen inguruko informazioa eman eta beraien eta egun matrikulatuta dauden haurren etorkizunari begira aurreikusten diren neurriez hitz egiteko.
LAB sindikatuak etengabean aldarrikatzen du haurreskoletako hezkuntza-zerbitzu unibertsala, doakoa, euskalduna, kalitatekoa, inklusiboa eta hezkuntza sailean integratua izan behar dela eta Eusko Jaurlaritzak bermatu behar duela eskaintza hau EAEko herri eta hiri guztietan.
Hori dela eta, berri honen aurrean, LAB sindikatuak honako eskaerak egiten dizkio Haurreskolak Partzuergoari:
• Azken urteetan Haurreskolak Partzuergo publikoaren egungo egoerara egokitutako lanpostu zerrenda proposatu eta negoziatzea, desplazamenduak ekidingo dituena; lanpostu guztiak estabilizatu eta egonkortuko dituen prozesu adostuak deitzea, langileak finko bihurtzea helburu dutena.
• Gaur egun Txantxangorri haurreskolan dauden haurrak inguruko haurreskoletan lehentasunez matrikula bermatuta izatea; era berean, oro har Gasteizko familiei auzoetan behar besteko eskaintza publikoa bermatzea eskatzen dugu.
• Erabaki honen ondorioz, kaltetuak izan daitezkeen 3 hezitzaile finkoen egonkortasuna bermatzea, Haurreskolak Partzuergoko lan hitzarmenak eta araudiek zehazten dituzten prozeduren arabera.
• Haurreskola baten itxierak haurreskolak Partzuergoaren langile kopuruaren gainean eraginik ez izatea.

INFO-15._-Txantxangorri-haurreskola