Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatzen diogu ikastetxe publikoetako eskola-jantokiak arautzen dituen 2000ko aginduaren aldaketa negozia dezala

196

LAB sindikatuak hainbat eta hainbat aldiz salatu du jendaurrean, jangela publikoak arautzen dituen 2000ko martxoaren 22ko Agindua eta jangela horien funtzionamenduari buruz Hezkuntza eta Zerbitzuen sailburuordeak emandako Zirkularra aldatu behar direla. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen genuen Hezkuntza sailburua den Jokin Bildarratzek eta Xabier Aizpurua sailburuordeak langileon ordezkariekin elkarrizketa-mahaira deitzea.

Bada, Hezkuntza Sailak, 23 urteren ondoren, ikastetxe publikoetako jangelak arautzen dituen 2000ko agindua aldatzeko prozedura hasi du, alde bakarrez eta inolako elkarrizketa sozialik gabe. Are gehiago, abuztua aprobetxatu du, zeina sektorearen jarduera eza den, aldaketa egiteko.

Gainera gogorarazi nahi dugu ekainaren 1ean LAB Sindikatuak Hezkuntza Sailarekin sinaturiko “hezkuntza-legea garatzeko langileen lan-baldintzak hobetzeko sindikatuon eta hezkuntza sailaren arteko akordioa”-k jasotzen duela 2023an kontrataturiko zerbitzuen azterketa zehatza burutzeko prozedura, oinarrizko aztergaiak eta irizpideak adostuko direla, jantokiko hezitzaileak lehenetsitako langile kolektiboetako bat izanik. Hortaz, Hezkuntza sailari dei egiten diogu jangelako hezitzaile eta gainerako langileei eragingo dien agindu berria langileon ordezkariokin negoziatzeko.

Jangelak ikastetxeko beste gune bat izan behar du, bertan hezten eta ikasten jarraitzekoa, eta ez zerbitzu osagarri soil bat gehiago. Horregatik, ezinbestekoa da ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-proiektuan txertatzea.

Ezin dugu ahaztu agindu horrek zuzenean eragiten diela jangeletako langileen lan-baldintzei; besteak beste, hitzarmen kolektiboan jasotzen diren baino funtzio gehiago beren gain jartzen baititu.

Horregatik, hezkuntza komunitatea osatzen dugun sindikatu zein eragileekin biltzeko eskatzen diogu, Jangela eredu berri baterantz trantsizio adostu bat egin dezagun.