Euskaltegietako lan-hitzarmenaren beharra aldarrikatu dugu

548

Aste amaiera honetan, euskaltegietako irakasleak Donostiako Luberri eta Gasteizko Mendebaldea institutuetan eta Barakaldoko BEC-en HABEren egiaztagintza azterketak egiten ari direla eta, sektoreko lan-hitzarmenaren beharra aldarrikatu dugu berriz ere.

LAB sindikatuak ordezkariekin eta afiliatuekin egindako sektorearen hausnarketaren ondoren, helduen euskalduntzea eta alfabetatzeko lau oinarri adosteaz gain (unibertsala, doakoa, publikoa eta kalitatezkoa), sektorea antolatu eta duintzeko pausuak beharrezkoak direla ondorioztatu dugu.

Sektorearekin administraziotik dagoen abandonua dela eta, LAB lanean ari da herri eraikuntzan estrategikoa den jarduera honi etorkizun duin bat marrazteko, eta saiakera horretan, herri ekimeneko euskaltegi pribatu homologatuentzako hitzarmena ezinbestekoa jotzen dugu

Sektore honetan lan baldintzak oso anitzak dira, HABEren partetik ikastalde bakoitzeko diru kopuru berdina jaso arren, euskaltegien artean dauden lan baldintzak oso ezberdinak dira. Ikasturte amaiera honetan, HABEk eta izaera pribatua duten herri ekimeneko euskaltegi homologatuen titularrek finantziazio sistema berria adostu dute, langileen ordezkariak eta langileak negoziaketatik kanpo utzi badute ere.

LAB sindikatuaren ustez, administrazioak urte luzez abandonatuta izan duen helduen euskalduntzearen sektoreari finantzazioa hobetzea positiboa da; proposatutako finantziazioa sasi- egonkortze bat baino ez den arren. Mahai gainean jarri duten neurri honek, ordea, ez ditu sektoreko langileek dituzten beharrak asetzen, akordio horrek ez baititu hainbat gai arautzen: urteko lanaldia, irakasle ez direnen soldatak (trebatzaileak, idazkariak, informatikoak…), lizentzia eta baimenak, hau da, lan-hitzarmen batek jasotzen dituen gaiak, eta sektoreak gaur gaurkoz ez duena.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak izaera pribatua duten herri ekimeneko euskaltegi homologatuetan hitzarmen propioa osatzeko bidean,1. hitzarmena negoziatzeko lehen urratsa eman eta mahai osatzeko lehen bilera deitu genuen eta harremanetan jarraitzeko konpromisoa hartu genuen alde guztiek. Hurrengo pausuak eman ahal izateko, euskaltegi pribatu homologatuetako titularrei antolatu daitezen dei egiten diegu berriro, horretarako beharrezkoak pausuak emanez.

Aste amaiera honetan, euskaltegietako irakasleak HABEren egiaztagintza azterketak egiten ari diren honetan, LABek, herri ekimeneko euskatlegi pribatu homologatuetako hitzarmenaren alde lanean jarraituko duela berretsi nahi du, langile guztien eskubideak eta eginbeharrak jasoko dituen hitzarmena, sektorea antolatuz eta duintasuna emanez.