Euskal Herriak hezkuntza lege propioa eta burujabea behar du, Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa eraikitzeko

556

(Hego Euskal Herria, Hezkuntza)

LABek ez du LOMLOE BABESTEN

Kontua LOMCE edo LOMLOE artean erabakitzea baldin bada, gure erantzuna da ez bata ez bestea. Argi dago Espainiako eskumaren legea baino hobea dela PSOEk eta Podemosek osatzen duten gobernuarena, baina ez da Euskal Herriak behar duen legea inondik ere. Ikuspegi pedagogiko-sozialetik mugatuak diren aurrera-pausuak ikus daitezke hainbat gaitan; ikuspegi nazionaletik, aldiz, Madrilek jarraituko du erabakitzen estatu osoko eta Hego Euskal Herriko hezkuntzari dagozkion gai nagusien inguruan.

Zentzu honetan, LABek argi eta garbi adierazi nahi du LOMLOEren aurka dagoela, ikuspegi pedagogiko eta sozialetik nahikoa ez delako, euskal langileon eskubideak zapaltzen jarraitzen duelako eta gure hezkuntza-sistema erabakitzeko eskubidea ukatzen duelako, LOMCEk bezala. Euskal Herriak hezkuntza sistema burujabea, publikoa eta komunitarioa behar du, hezkuntzaren zentralizazioari, pribatizazioari eta merkantilizazioari herri bezala aurre egiteko.

Esan bezala, badaude neurri pedagogiko sozial batzuk, Wert ministro ultra-espainiar eta eskuindarraren legea hobetzen dutenak, baina motz gelditzen direla iruditzen zaigu. Inbertsio publikoa handitu arren, Europako herrialde aurreratuek inbertitzen duten BPGaren %6tik urrun geratzen da. Berrikuntza pedagogikoez hitz egiten du, baina ebaluazio-eredu zaharkitua mantetzen dute. Segregazioaren aurkako neurri nagusia kontzertazio orokorrari mugak jartzea izanda, praktikan proiektu elitistak diru publikoz finantzatzen jarraituko dute. Sexuaren arabera segregatzen duten ikastetxeak ez dira kontzertatuko, eta hau berri ona da. Hezkidetza edo pedagogia feministaz ere, ez dago Nafarroako Skolae bezalako proiektuak hedatzeko neurririk. 0-3 zikloaren aitortzarako urratsen bat proposatu arren, ez da sistema publikoan txertatzeko neurririk hartzen.

Arlo nazionalean, berriz, betiko lepotik burua, Espainiako estatuak erabakiko du Hego Euskal Herrian zer eta nola ikasi-irakatsi edo nola ebaluatu behar den, zenbat funtzionario publiko kontratatu ahal izango ditugun edo jantokietako beken inguruan.

Era berean, hizkuntza koofizialak dauden autonomietan gaztelania ez omen da hizkuntza nagusia izango. LABek erabat gezurtatu nahi du esaldi hori: Nafarroa erdi eta hegoaldean ez da gaztelania hizkuntza nagusia izango? A, B eta G ereduak gaindituko al dira? Lege honek ez du bermatzen euskarazko murgiltze eredua ezartzea, ezta EAEn ere. 

Madrilek hezkuntzarako lege berria zehaztu duen honetan, milaka langilek egiten ditugun eskariei ere ez die biderik eman. Nafarroa eta EAEko gobernuek, bakoitzak bere neurrian, urteetan negoziaziorako ateak itxi dizkigute eskuduntzarik ez zutelakoan, eta oraingo legean ere ez dugu aurrerapenik ikusten. Azken finean, hezkuntzako langileon negoziazio kolektiborako aukerek bahituta jarraituko dute estatuan, eta ez dira jasotzen beharrezkoak jotzen ditugun auzi batzuk, ratioen jaitsiera edo Lanbide Heziketako irakasleen jarduna kasu.

Gauzak horrela, LABek ez du LOMLOE babesten eta Euskal Herriak hezkuntza lege propioa eta burujabea behar duela aldarrikatzen du, Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa eraikitzeko.

Hemen duzue irakurketa osoa:

????????????

LOMLOE-LEGEAREN-IRAKURKETA-