Erronkaz beteriko ikasturtea martxan

361

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletan 2022/23 ikasturtea abiatu da, aurretik dugun ikasturte hau erronkaz beterik dator. Lehenengo Info honetan batu ditugu horietako nagusiak:

1) Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lan Hitzarmenak jasotzen duen Eszedente eta Beharren prozedurari esker, oraingoan ere kaleratzeak ekidin dira ikastoletan. Aurrerantzean ere datozen erronka berriei hobe erantzuteko prozeduran sakontzen eta hobetzen jarraituko da.
Ikastoletako langileriaren egonkortasuna bermatzeko, ikastolaz ikastola, egiturazko lanpostu guztiak kontratu finkoz betetzen
direla ziurtatzeko lan egingo du sindikatuak.
2) Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa. 2022ko Lan-hitzarmenaren negoziazioari hasiera eman zitzaion udaberrian.
Afiliatu eta delegatuekin osatutako plataforma mahai-gaineratuko da iraila amaieran egingo den Lan-hitzarmeneko mahaian. Eskarien artean dago langileen soldata KPIaren arabera eguneratzea. LABek igoera hori irakaskuntza publikoko langileen soldatarekiko homologazioaren bidean lehen pauso gisa kokatzen du.
3) Sukaldeko langileen ratioak eta garbitzaileen metrajea zehazteko batzordea. Azken Lan-hitzarmenean kolektibo horietako langileen egoera aztertu eta ratio proposamen bat egiteko batzordea eratu zen. LABek proposamen bat gaineratu zuen ikasturte amaieran eta horren gainean lanean jarraitzen du. Langile horiek ikastolako hezkuntza komunitatetako kide direla sinistuz, LABen ustez, ezinbestekoa da zerbitzu horiek zuzenean ikastolek kudeatzea.
4) Erretiro Partzialeko kontratuak. Aurreko ikasturte osoan zain egon ondoren, azkenean argitaratu ziren Errelebo kontratuak gauzatzeko diru-laguntzak.
Oraingoz, ez dago inongo berririk ikasturte honetan berrituko direnik. LABek borrokan jarraituko du Errelebo kontratuak gauzatu ahal izateko gakoa diren laguntza horiek ongibidean jartzeko. Ezinbestekoa da Ikastolek baldintzak betetzen dituzten langileei, lehenbailehen, kontratu horiek eskaintzea eta, era berean, Administrazioak kontratu horiek ahalbideratuko dituen diru-laguntza agindua ahal bezain pronto argitaratzea.
5) Hauteskunde Sindikalak. Ikasturte hasi berri hau, ikastola askotako ordezkaritza sindikalak berritzeko tenorea izango da. LABentzat ezinbestekoa da prozesu horretatik indartuta ateratzea eta bere ordezkaritza handitzea ikastoletan ere. Sindikatuak erronka handia du begi bistan. LAB sindikatuaren indarrak isla izango du ikastoletako langileen lan baldintzen hobekuntzan, eta hezkuntza arloan ikasturte berriak ekarriko dituen erronken ekitean.
6) EAEko Hezkuntza Legea. Irail erdialdean aurkeztu zen Hezkuntza Lege berriaren zirriborroa. Sindikatuak bere balorazioa egin zuen eta Euskal Eskola Publiko Komunitarioa eraikitzeko trantsizio lege gisa eragiten jarraitzeko konpromisoa adierazi eta prozesuan langileen lan baldintzak errespetatuak izan daitezen zenbait xedapen gehigarri proposatu ditu.
Legean eragiteko ikastoletako langileon borroka ezinbestekoa izango da. Ildo horretan LABek bere ildo mobilizatzaile propioa aurrera eramateko lehen ekimen bat deitu du urriaren 6an Gasteizen.
7) Jai arrotzak. Gogoratu gure egutegiaren egikaritze bidean lehen zita URRIAREN 12koa izango dela. Antola gaitezen ikastoletan jai arrotzei ezetz esan eta gure lan egutegia osatzeko.
Ikastoletako langileok merezi dugun Lan-hitzarmenaren negoziaziorako, errelebo kontratuen gauzatzea lehenbailehen emateko, Hezkuntza Lege berrian euskal publikotasun berri bat eraikitzeko baldintzak sortzeko, ikastoletako langileok mobilizaziora eta borrokara joan beharko dugu.

Info-ikasturte-hasiera-2022-iraila