Egoera zaurgarrietan dauden familiei 0 kuota ezartzeko tramiteak errazteko eskatu diogu Haurreskoletako Partzuergoko Zuzendaritzari

489

2018ko urriaren 18an Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordean Haurreskolak Partzuergoak eskainitako zerbitzuen prezio publikoak finkatu ziren eta 0 kuota ezarri zen urteko 18.000eurotik beherako errenta duten familientzako. 2019ko urtarrilaren 1ean indarrean jarri geroztik, familia askorengan eragina izan du. Hala ere, asko dira egun, eskatzen diren paper eta tramite burokratikoak direla medio, kanpoan geratzen direnak ere.
Arrazoiak ondorengoak dira:

  • Paperik ez daukatelako.
  • Diru sarrerak justifikatzeko aukerarik ez dutelako eta, hortaz, kuota handiena ezartzen zaielako.
  • Arrakala digitala (baliabide eza edo ezagutza eza) eta hizkuntza arrakala.
  • Gure jendarteko tramite burokratikoak egiteko ezagutza eza.
    Honek, familia hauek guztiak egoera latz eta injustu batean uzten ditu, jendarte bazterketa egoeran.
    Eskoletako jantokiko beken kudeaketan, aurretik aipatutako arrazoi berdinengatik, familia asko beka aukerarik gabe geratzen ziren. Iazko ikasturte amaieran eta ikusirik COVID-19 pandemiaren eraginez familia askoren egoerak okerrera egin duela, elkarte ezberdinen arteko salaketa eta elkarlanaren ondorioz burokratizazioan malgutasuna eta salbuespen batzuk egitea lortu zen.
    LAB sindikatutik aspaldian aldarrikatzen ari gara, Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen 0-3 adin tarterako hezkuntza zerbitzu publikoa, unibertsala, kalitatekoa, euskalduna eta hezkuntza sailean integratua izateaz gain, inklusiboa eta doakoa izan behar dela.

Horregatik, Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeari honako eskaera egiten diogu:

  • 0-3aren doakotasuna lortu bitartean, baldintzak eta tramiteak errazteko jantokiko beketarako hartu ziren neurriak ere haurreskoletako matrikulazioan aintzat hartzea.
  • Jaurlaritzari Haurreskolak Partzuergoaren zerbitzuaren erabateko doakotasuna lortzeko neurriak eta erabakiak har ditzala, Eusko Legebiltzarrak 2018an egin zuen bezala.
0-kuotari-dagokion-eskaera