Ebaluazio diagnostikoaren aurrean, LABetik ebaluazio hezitzailea aldarrikatzen dugu

615

Hurrengo asteetan, EAEko ikastetxeetan Hezkuntza Sailak ebaluazio diagnostikoa egingo du. Horren aurrean, LAB sindikatuak, aurreko ikasturteetan bezala, hurrengoa adierazi nahi du:

  1. Ebaluazio diagnostikoak ez die gaur egungo hezkuntza sistemaren beharrei erantzuten: ez da ebaluazio integralik egiten, hau da, ez da haurra bere osotasunean ebaluatzen eta ikasleen ezagutza mailaren parte bat soilik aztertzen da, ebaluazio hezitzailea alde batera utziz .
  2. LOMCE legeak ezartzen dituen frogak dira hauek, eta LAB sindikatua lege honen sorreratik kritiko agertu gara, behin baino gehiagotan plantora deituz. Salatu izan dugun moduan, azterketa honen emaitzen erabilerak, eskolen arteko rankinga sortzeko arriskua ekar dezake. Beste behin, agerian gelditzen da —LOMCE edo LOMLOE izan— Euskal Herrian ebaluaziorako bitarteko propioak behar ditugula.
  3. Froga honen metodologia ez dator bat haurrek egunerokotasunean erabiltzen dutenarenarekin. Horregatik, ikasleek lasaitasunez eta erosotasunez froga egin ahal izatea oztopatzen du. Gauzak horrela, frustrazioa sortzen da ikasleengan eta honek zuzenean eragiten du emaitzetan.
  4. Bitarteko horien artean ikaslea erdigunean kokatuko duen ebaluazio hezitzailea aldarrikatzen dugu: hezkuntza prozesuak eta metodologia aztertzeaz gain, hezkuntza sistema bere osotasunean ere aztertuko duena. Beharrezkoak diren aldaketak eta horniketak eginez, hezkuntza inklusibo, ekitatibo, feminista, euskaldun… lortzea helburu.
    Jakina da eskola batzuk ISEKa neurtzeko tresna gisa erabiltzen dutela eta horretarako erabilgarria bada ere, hezkuntza komunitate osoari ebaluazio diagnostikoaren inguruan hausnarketa egiteko gonbitea luzatu nahi dizuegu.
Ebaluazio-diagnostikoa-2022

Ebaluazio Hezitzailea

Honako dokumentu honetan, LABek proposaturiko Ebaluazio Hezitzailearen inguruko gogoeta irakur dezakezue:

Ebaluazio-hezitzailea