EAEko zerbitzuetako langileak: LABetik egin dugun lanari esker Hezkuntza Sailak atzera pausu bat eman eta ratio eta metrajeen inguruan hitzartutakoa betetzen ari da

269

Ikasturte hasieratik salatu dugu LABetik Lan Hitzarmen berrian ratio eta metrajeen inguruan jasotzen dena betetzeko atzerapenetan zebilela Hezkuntza Saila.

Beharren azterketa berandu etorri da eta honek langileen lan karga handitzea ekarri du. Hamarnaka erreklamazio aurkeztu ditugu eta burututako Mahai Negoziatzaile guztietan mahaigaineratu dugu egoera larria. Hezkuntza Sailak ezikusiarena egin edo aitzakiak edo bestelako interpretazioak erabili izan ditu adostutakoa sistematikoki hausteko.

Sukaldeetan, bazkaltiarren datu bilketa, beste behin ere, berandu egin da, LABetik datu hauen jasoketa lehenago egin behar dela eskatu dugu. Maiatzaren 22an sinatu genuen Lan Hitzarmenaren aurreakordioaren zuzenketen akordioan LABetik eskatuta eta horrela sinatu zen, ratioak kalkulatzeko bazkaltiarren kopuruarekin batera sukaldarien jardun osoko konputua 7 ordukoa izatea, Orain arte ez du aplikatu,interpretazio okerra egiten aritu da, aurreko hitzarmeneko ratioak aplikatuz.

Garbiketan, agerian geratu da Sailak izan duen aurreikuspen falta, metroen azterketa egiteko urriaren 10ean zentroetara bidalitako zirkularrean gabealdia eskatuz. Honek irailaren 1etik indarrean egon beharko luken metraje berria ez betetzea ekarri du, langileen eskubideak hautsiz.

Hezkuntza Sailak azkenean, LABetik hainbatetan erreklamatu eta sinatu duguna aplikatzen ari da: batetik, sukaldeetan 7 orduko koefizientea aplikatuko duela, kontratazio berriak eginaz eta bestetik, garbiketako metraje berriari jarraituz baliabide pertsonal gehiago jarriz. LABetik jarraipen zorrotza egiten ari gara behar diren baliabide guztiak jarri ditzaten eta hutsuneak dauden zentroak hornitzeko erreklamazioak jartzen jarraituko dugu, Lan Hitzarmenean jasotzen dena zehatz mehatz bete dadin.

Lan Hitzarmen berrian, enplegu prekarizatua mugatzeko helburu irmoarekin, hereneko ekoizepen arrazoiengatiko kontratuen erabilera sistematikoarekin bukatzeko, kontratu mota hauen gutxieneko jarduna ez dela jardun erdia baino txikiagoa izango jasotzen da. Lanean gaude jardunaldi erdira iristen ez diren beharrak estal daitezen, beti ere gutxieneko jardunaldi erdia errespetatuz eta hitzarmenean jasotzen dena bermatuz: “Sukalde berriak egiten direnean, Hezkuntza Saileko langileak jarriko dira. Bertako langileak dituzten zentroetan, obrak direla-eta garbitu beharreko metro kopurua handitzen bada, langile propioekin kontratatuko dira; era berean, ratioen beherakadaren ondorioz kontratazio-premia berriak sortuko balira, langile propioekin egingo lirateke.”

Gainera, Lan hitzarmenetik eratorrita egin edo egingo diren produkzioagatiko kontratuak estrukturalak izateko akordioaren gainean lanean jarraitzen dugu.

Bestalde, ahalik eta lasterren zerrenden irekiera eta honekin batera birbaremazioa eta Ordezkabidea ordezkoen araudi berrira egokitzea eskatu dugu

Beraz, LABetik sinatutakoaren jarraipen zorrotz eta etengabea egiten ari gara eta garatzeke dagoen eduki guztiaren inguruan proposamen zehatzak egiten jarraitzen dugu, besteak beste, funtzioak zehazteko eta garbiketa burua eta sukalde burua kategoria berrietara joateko barne promozioa arautzeko.

Lizentzia eta Baimenak Heziketa Bereziko hezitzaileekin parekatzen duen Berme klausula lehenbailehen aplikatzeko eskaera zehatza egin dugu, hurrengo urratsa Lan Hitzarmenaren sinaduran jasotzea helburua dugularik.

2025-11-19_INFO-Zerbitzuak