Gaur EAEko Hezkuntza saileko zerbitzuetako langileen Mahai Negoziatzailea izan dugu. Tamalez, beste behin ere, LAB Sindikatuaren egonezina eta kezka adierazi behar izan dugu, bilerak egiten badira ere, hauek edukiz ez direlako betetzen eta garatzeko ditugun gaiak behin eta berriz itxi gabe geratzen direlako. Horrez gain, Hezkuntza Sailaren negoziaziorako erabiltzen ari den metodologiak kezkatzen gaitu, gardentasun falta eta aldebakartasunez areagotzen dituelako.
Honako gai hauek jorratu ditugu:
> Lan Hitzarmenaren berme klausula eta akatsen zuzenketa
Lehenik eta behin salatu nahi dugu Lan Hitzarmenaren testu proposamena (berme klausula eta zuzenketak jasotzen dituena) mahaia baino 24 ordu baino gutxiagoko aurrerapenarekin jaso dugula. Hori dela eta, ez dugu denbora nahikoa izan dokumentua sakon aztertzeko eta honek gaurko mahaian aurrera urrats edota adostasunak topatzea galarazi du. LABetik konpromisua hartu dugu dokumentua ondo aztertu eta beharrezko alegazioak datorren asterako egiteko. Hitzarmena sinatu behar da EHAAn argitaratu ahal izateko.
Lan Hitzarmenean jasotzen den berme klausulak Lan Legepeko irakasle eta hezitzaileen akordio arautzailean hobetu diren lizentzia eta baimenak EAEko zerbitzuetako lan Hitzarmenean txertatu behar dira eta horren azterketa helarazi genion Sailari, beragatik hobekuntza hauek jaso gabe geratzeko arriskua baitzegoen.
“Berme Klausula.- Hitzarmen honetan jasotzen diren aurrerakinei, nomina aurrerapenei, bizi-aseguruari, istripuei, erantzukizun zibilari, joan-etorrien balioei eta lizentzia eta baimenei buruzko klausulak hobetu egingo dira lan legepeko irakasle eta hezitzaileentzako akordio arautzailean ezartzen diren baldintzen arabera. Egokitzapen hori berehalakoa izango da, eta aipatutako erabakian dituen ondorio berberak izango ditu, Aurrekoetan barneratzen ez diren lan baldintzei dagokienez, mahai parekidean negoziatu eta adostuko dira”.
Bestetik, ikasturte hasieratik egin bezala, Hezkuntza Saila ez da ondo interpretatzen ari sukaldeetako ratioak kalkulatzeko koefizientea. Are gehiago, berme klausula eta hutsen zuzenketak Lan Hitzarmenaren testuan txertatzerako momentuan, sukaldeko ratioen inguruan maiatzaren 22an sindikatu guztiek eta Hezkuntza Sailak adostu eta sinatutako ratioen kalkulurako 7 ordutako koefizientea kendu egiten du administrazioak. Hau justifikatzeko Sailak erabiltzen dituen argudioak onartezinak dira eta gainera, LABen ustez, aldebakarreko erabaki honek negoziazio kolektiboa erasotzen du bete betean. Sinatu dugun aldagai hau ezinbestean agertu behar da lan hitzarmenean LABen sinadura jaso ahal izateko. Adostutakoa bete dadin lanean jarraitzen dugu eta beharrezkoak diren bide guztiak jorratuko ditugu.
> IKT langileak
IKTko langileak entzun eta gero haien hainbat zalantza, kezka eta eskaera mahaigaineratu ditugu.
- LABetik IKTko langileen funtzioak ondo zehazteko eskatu dugu, langile kategorien funtzioen arteko talka gerta ez dadin (IELZ_CAU).
- Langile hauek dituzten behar (materialak zein bestelakoak), zalantza eta eskaerak nori bideratu behar dizkioten galdetu dugu eta zentroko idazkariarengana jo behar dutela erantzun digute.
- IKT zerrendak irekitzeko eskatu dugu, administrazioak udaberri aldera irekitzeko asmoa adierazi du. Horrez gain, kolektibo honen ordezkapenak indarrean dagoen araudiaren arabera eta Ordezkabide bitartez esleitzea eskatu dugu, une honetan lan eskaintzak telefonoz egiten baitituzte. Aplikatiboan beharrezko aldaketak egiten ari direla esan digute, lehenbailehen ahalbidetzeko.
- Langileentzako lanpostuari lotutako formazioa eskatu dugu, otsaila aldera egiteko asmoa dutela adierazi digute.
- Ikastetxe desberdinetan zerbitzua ematen duten langileei, salbuespenez egun berean zentro batetik bestera desplazatu beharko balira, itinerantzia diruz konpentsatuko zaiela argitu digute.
- LABek eskatu bezala, guzti honen jarraipen etengabea egingo da eta gutxienez bi Mahai Negoziatzailetik behin landuko da.
> Sukalde eta Garbiketako langileen funtzioak
Sukaldeko langileen funtzioen inguruko negoziaketa nahiko aurreratua dago. Talka handiagoa da ordea, garbiketako langileen kasuan. LABetik lanean jarraitzen dugu etengabe ekarpenak eginez, posturak hurbildu eta akordio batera heldu ahal izateko.
Hezkuntza Sailaren aldebakartasunaren aurren LABen lanean eta borrokan jarraituko dugu
INFO-2025-12-12-EUS

