EAEko Lanbide Heziketa: LABek ezinbestekotzat jotzen du Lanbide Heziketa 2022ko legearen aplikazioa negoziatzea eta euskalduntzeko benetako apustua egitea

297

Atzoko egunean, Elgoibarko Meka LHIIn izan zen Imanol Pradales lehendakaria Begoña Pedrosa Sailburuarekin eta Jon Labaka Lanbide Heziketako sailburuordearekin batera ikasturte hasierako ekitaldian. Eta nola ez, Lanbide Heziketaren bikaintasuna goraipatu zen atzokoan ere.

LABetik kezkaz bizi dugu Lanbide Heziketak hartu duen norabidearekin, gehienbat 2022an lege berria onartu ondoren Sailak hartutako erabaki eta izandako jarrerarekin.

Izan ere, Lege berriaren aplikazioak prestakuntza duala lehen mailan ezartzea ekarri du, baina ez da irizpiderik egon Lanbide Heziketako sailburutzaren aldetik. Are gehiago, etengabeko inprobisazioak ezinegona besterik ez du sortu irakasle eta ikasleengan. Esaterako: praktiketarako enpresa aurkitzeko baliabide falta, adin txikiko ikasle asko praktiketatik kanpo utzi dituzte enpresek, kontratu lotura baitauka oraingo praktikaldiak, ondorioz; enpresarik gabe gelditzen diren ikasleekin kudeaketa lan extra sortzea, curriculumaren jakintzaren kontrola, enpresako tutorearen kontrola…

Bestalde bigarren mailako ikasleen kasuan, Legeak aldaketa garrantzitsua dakar, enpresek formatzaile papera hartuko baitute, izan ere ebaluatzeko eskumena izango dute, era berean, jakintza teknikoaren zati bat ikasleei transmititzea eta ebaluatzea beraien esku utziz. Beraz, enpresa pribatua irakasleon lana egitera pasatuko da inongo kontrol mekanismorik gabe.

Azkenik, euskararen egoerak Lanbide Heziketan berdin jarraitzen du, Gobernu honentzat ez du lehentasuna. Ikasleei ez zaie bermatzen beraien ikasketak euskaraz egitea, hau da, eskaintzan kasu askotan A eredua gailentzen da D ereduaren gainetik. Ikasleen benetako euskalduntze emateko pausuak behar dira eta hitzetatik ekintzetara jauzia eman. Era berean, Hezkuntza Sailak lanpostu guztiak perfilatzeko eta langileak euskalduntzeko euskara planak egin ditzan borrokatuko du LABek.

Arestian aipatutako puntuak eta sortzen diren beharrak arautzeko 2024-25 ikasturtean hasitako Lanbide Heziketako bilera teknikoak berriro aktibatzea exijitzen dugu LABetik. Langile zein ikasleen beharrak lehen lerroan jarriz.

INFO-2025-09-16