Iazko greba eta mobilizazio dinamikaren ondorioz sinaturiko lan hitzarmen berrian Lanbide Heziketako irakasleen urteko lanaldiaren banaketa arautzea ere lortu genuen.
Akordioaren 26. artikuluak argi azaltzen du urteko lanaldiaren banaketa astean 30 ordukoa dela, eta horietatik, batez beste, 23 presentzialak izango direla, ikastetxean eman beharrekoak. Horrela dio:
“Urteko lanaldia banatzerakoan Lanbide Heziketan dauden berezitasunak hartuko dira kontuan, besteak beste: ikasturteko eskola-orduak metatzea praktikak egiten dituzten ikasleekin, Dualeko prestakuntza antolatzeko orduak metatzea enpresekin lotuta, arautu gabeko prestakuntzako urteko orduak metatzea edo ikasle dualen tutorizazio orduak metatzea. Horrez gain, Lanbide Heziketako irakasleek malgutasuna izango dute ikasturtean zehar egin beharreko eskola-orduei dagokienez eta ikastetxean egon beharreko ordu presentzialen banaketa zehazteari dagokionez, betiere ikasturte hasieran ikastetxeko zuzendaritzarekin adostuta.”
Hainbat ikastetxetan eta bigarren mailako irakasleen kasuan hori ez da betetzen ari. Izan ere, praktiketara joan aurreko aldian dagozkiena baino irakastordu gehiago egin behar izaten dituzte irakasleek, eta beraz, ordu presentzialak 23tik gora izaten dira, 27 edo 28 kasu batzuetan. Zuzendaritza batzuek erabaki dute ikasturteko gainerako aldian 23 ordu presentzial mantentzea, eta horrek urteko lanaldiaren banaketa desorekatzea dakar.
Testuinguruak eta baldintzek hala eskatuta, ikasturteko aldi batean irakastorduz gaindi eta hitzarmenean zehaztutakoa baino ordu presentzial gehiago egitea badagokigu, beste momenturen batean irakastorduak jaistea dagokigu lanaldiaren banaketa orekatua izan dadin.
> ADIBIDEA: 27 ordu presentzial 21 astez, hau da, 4 orduko gehiegizko ordutegia.
27*21+12*x=23*33; 567+12*x=759; 12*x=192
x = 16 ordu presentzial gainerako 12 asteetan (2h Zaintza + 2h tutoretza edo norberaren kargurako + 1h Didaktika Departamentuko bilerak + 1 formakuntza + 11h ikastordu).
Hori guztia Hezkuntza Sailak urteetan zehar Lanbide Heziketa kudeatzeko daraman modus operandiaren beste adibide bat baino ez da. Zuzendaritzei autonomia eta erabakitzeko eskubidea ematea positiboa izan daiteke kasu batzuetan, are beharrezkoa.
Urteko lanaldiaren banaketa, ordea, jasota dago iaz sinaturiko hitzarmenean; ondorioz, zuzendaritzek ezin dituzte beren kabuz langileon eskubideak eta hitzarmena bera urratu. Bestetik, Hezkuntza Sailaren ardura da hori bete eta betearaztea. Autonomia ematea positiboa izango da bide berriak zabalduko baditu eta denon mesedetan bada, baina ardura gainetik kendu eta eskuak garbitzeko bada, tranpa da.
Hezkuntza Sailari exijitzen diogu lan hitzarmena osotasunean bete dezala, orain!
Azkenik, Lanbide Heziketako irakasleei dei egiten diegu orduen antolaketan akordioaren urraketa ematen bada gurekin harremanetan jar daitezen, 666771794 telefono zenbakira deituz edo lanbideheziketa@lab.eus helbidera idatziz.


