EAEko Irakasleak: LABek soldata igoera berrezarri eta akordioa osotasunean bete dezan exijitu dio Hezkuntza Sailari

213

LABek bide mobilizatzaileari ekingo dio akordioa osotasunean bete ezean. Horretarako, afiliatuekin zein zentroetan asanbladak egiten jarraituko dugu langileekin batera. Era berean, gainontzeko sindikatuei ere dei egiten diegu elkarlanean aritzeko.

Aurreko ikasturtean burututako hamaika mobilizazio eta grebei esker, hezkuntza publikoan aritzen garen irakasleon lan baldintzak nabarmen hobetu dira.

Besteak beste, bitarteko funtzionarioentzako udako ordainketa berreskuratu zen; maiatzaren 10etik erabilgarri dauden lizentzia eta baimen berriak lortu ziren (edoskitzerako egunak luzatzea, gurasotasuna etenik gabe hartuz gero bi astez luzatzea, seme-alabak medikuarenera laguntzeko baimena…); iaz baino talde gutxiago egon arren eta lanpostu batzuk falta badira ere, irakasle eta baliabide gehiago txertatu dira aurten; eta dagoenekoz 2.000 langiletik gorari eragin dieten gazteberritzerako neurri berriak martxan daude, urteko modalitatean zein metatuan.

Bilbo, Gasteiz eta Donostiako kaleak aldarriz bete genituen, eta argi adierazi genuen hemen erabaki behar zirela hezkuntzan aritzen garen langileon lan hitzarmenak. Izan ere, Euskal Herria da euskal langileon lan baldintzak negoziatzeko markoa.

15 urteren ondoren soldata bertan negoziatzea eta adostea lortu zen 2025/26 ikasturtean %2ko igoera, 2026/27an %2,5ekoa eta 2027/28an %2,5ekoa; orotara, %7ko igoera adostea lortu zen hiru urtetan.

Akordioari esker ikasturte honetako igoera irailean hasi ginen jasotzen ekaineko atzeraeraginez.

Baina, Hezkuntza Sailak, beste behin ere, aldebakarrez hartutako erabakiaren bitartez, azaroko soldatan %2ko igoera kobratzeari utzi diogu, Ogasunarekin arazoak dituelakoan. Administrazioak datozen hilabeteetan atzeraeraginez jasoko dugula adierazi arren, ez dakigu noiz hasiko garen berreskuratzen langileon indar eta konpromezuaren bitartez lortutakoa.

Gauzak horrela, LABek borrokan jarraituko du irakasleon lan baldintzak arautzen dituen lan hitzarmena bere osotasunean betetzeko. Izan ere, ondorengoak dira gaur-gaurkoz Hezkuntza Sailak betetzeke dituenak:

  • Adostutako %2ko soldata igoera berreskuratzea.
  • Ordu lektiboen murrizketa etapa guztietan: HH/LHen 22 eta Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan 17.
  • Ordu lektiboen murrizketak sortu beharreko ordu-konpentsazioa.
  • Bigarren Hezkuntzan HEDATZE programa 17 ordu lektiboen barnean txertatzea.

15 urteren ondoren lan baldintzak hobetu dituen lan hitzarmena erdietsi genuen irakasleek erakutsitako determinazio eta konpromezuari esker. Sailaren ez betetzeen aurrean, mobilizatzen eta mahaietan lanean jarraituko du LABek adostutakoa azken punturaino bete dadin.

Zentzu horretan, orain arte bezala, gure komunitatea osatzen duten afiliatuekin batera egingo dugu bidea, baita zentroetan asanbladak egiten jarraituko ere langileekin batera. Era berean, LABek gainontzeko sindikatuei ere jarrera irmo bat hartu eta mobilizatzeko deia egiten die.

INFO-2025-11-28