Gaur, urtarrilak 15, urteko lehen mahai negoziatzailea burutu da Lakuan, Hezkuntza Sailak proposatutako gai hauen inguruan: arrisku psikosozialen azterketak, karrerako eta bitarteko langileen IKHA, eta adinagatiko murrizketak.
> Arrisku psikosozialen ebaluazioa
Maiatzean sinatutako hitzarmenean jaso bezala, zentro guztietan arrisku psikosozialen azterketak burutuko direla adierazi du Hezkuntza Sailak. Araban hiru zentrotan egin zen pilotajea, eta bidalitako galdetegiari %36k soilik erantzun diote; orain gainontzeko zentroetan ere egingo da. Parte-hartzearen garrantzia azpimarratu dute.
44 galderako inkesta irakasleei bidaltzeko aurreikusten diren datak honakoak dira: Araban otsailaren 2tik 15era, Bizkaian otsailaren 16tik martxoaren 1era, eta Gipuzkoan martxoaren 2tik martxoaren 15era. Aurrerago analisi kualitatiboa ere egingo dutela esan dute, 300 irakasle baino gehiagorekin.
Langileon segurtasuna bermatzeko, arrisku psikosozialen azterketez gain, gaur egun ditugun protokoloak (jazarpen protokoloa, erasoen protokoloa eta abar) eraginkorrak izan daitezen eta langileak babestu gaitzaten landu egin behar direla aldarrikatu du LABek. Halaber, arrisku psikosozialen inkestatik eratorrita ze neurri hartuko diren galdetu du.
> Karrerako Funtzionarioen eta Bitarteko langileen IKHA-COCU (esleipenak)
Karrerako Funtzionarioen IKHA prozesuari ekarpenak egiteko tartea egon da. Bertan, hizkuntza eskakizunik gabeko lanpostuak profila ez duten langileek lehentasunez hartzea ahalbidetzen da, posturik gabe geratuko badira. Horren bidez, LABek uste du 2. hizkuntza eskakizuna duten karrerako funtzionario diren langileekiko diskriminatzailea den neurri bati bide ematen diola Sailak eta salaketa hori egin du LABek mahaian.
Lekualdatze lehiaketan adierazi bezala, LABek lanpostu guztiek hizkuntza eskakizuna izatea eta derrigorrezko data jarrita izatea exijitzeaz gain, langile publiko guztiak euskalduntzeko euskara planak garatzeko borrokan jarraituko du. Hizkuntza eskakizunik gabeko plazak ez betikotzeko plangintza bat osatzearen alde ere lan egingo du LABek. Horrez gain, Euskal Herri osoan mobilizazioak sustatzen jarraituko du administrazio publikoan euskara eta gaztelania parekatzeko berme legelak lortu ditzagun.
> Adinagatiko murrizketak
Hezkuntza Sailak adierazi du oraindik ez dagoela EIZUtik metaketa disfrutatzeko prozedura garatuta, eta ondorioz, metaketa disfrutatzen hasi aurretik bi hilabeteko epea dagoela Tramitagune bidez eskaera bidaltzeko.
Bestalde, norbaitek 60 urte betetzen dituenean murrizketa eskatzeko prozedura EIZU bidez egin ahal izango da. 60 urte bete baino hilabete lehenago eskaera egiteko aukera dago, urtebetetze egunerako eskaera ebatzita egon eta ordezkapena lehen egunetik betetzeko.
Automatikoki murrizketa eskatuta duten langileek 65 urte betetzen dituztenean, baldintzak betez gero, jardunaldi erdiko murrizketara ofizioz pasako dituzte otsailetik aurrera.
Bitarteko langileen murrizketak tramitatzean egon diren atzerapenak konpentsatzeko honakoa adierazi du Sailak:
- Jardunaldi herenean daudenak erdira igaroko dira martxotik ekainera.
- Jardunaldi erdian daudenak osora igaroko dira maiatza eta ekainean.
Horrez gain, modalitate aldaketa salbuespeneko egoeretan soilik egin ahalko da.
Azkenik, urteko modalitatea eskatu ondoren ordezkapena betetzen ez den kasuetan, modalitate metatura igaro ahalko dira horrela nahi izanez gero.
> Soldata
Soldata igoerari dagokionez, honakoa adierazi du Hezkuntza Sailak:
Hitzarmenari lotuta lortu genuen %7ko igoera (2025-26ean %2a, 2026-27an % 2,5a eta 2027-28an %2,5a):
- Nominan kontzeptu berri bat sortuko da. Otsaila edo martxotik aurrera jasoko dugula adierazi du Sailak, azarotik atzeraeraginez.
Estatuko igoera inposatuko digute berriro ere, Jaurlaritzak ez baitu borondaterik mahai orokorrean bestelako igoerarik negoziatzeko funtzio publikoko langileokin :
- Urtarrileko nominan estatuko %2,5eko igoera islatuko da kontzeptu guztietan, 2025eko urtarriletik atzeraeraginez.
- Otsaileko nominan estatuko 2026ari dagokion %1,5eko igoera islatuko da kontzeptu guztietan, 2026ko urtarriletik atzeraeraginez.
Tutoretza eta mintegi buru osagarriei dagokienez, Hezkuntza Sailak aipatu du lanpostuaren titularrek urtarrileko nominan jasoko dutela irailetik jaso gabe duten osagarria. Ordezkoek, aldiz, hurrengo hilabetean jasoko dutela adierazi dute.
> Euskararen Institutua
Otsailaren amaierarako deitutako mahai negoziatzailean Euskararen Institutuko zuzendariaren argibideak emango dituela adierazi du Hezkuntza Sailak.
Bukatzeko, LABek lanean jarraituko du ekarpenak egiten eta mahaiak edukiz betetzen. Era berean, langileekin batera lanean jarraituko du orain arte bezala. Zentzu horretan, asanbladak egiten jarraituko du afiliaziorekin zein ikastetxeetan.
INFO-2026-01-15


