LAB erabakiorra izan da irakasleen mahaien metodologia aldatzeko, eta gaurko mahaian maiatzean adostutako hitzarmenaren aldaketak sinatzea lortu da. Zentzu horretan, LAB zuzenketetan aldaketak egon daitezen lanean aritu da hilabete hauetan zehar eta egindako ekarpen gehienak txertatuak izan dira. Hala ere, LABek lanean jarraituko du mahaietan ekarpenak eginez eta edukiz betez, baita akordioaren aplikazioari jarraipen zorrotza eginez ere. Era berean, borrokak aktibatzen jarraituko du akordioa osotasunean bete dadin.
Hiru izan dira gaurkoan landu diren gaiak: Hitzarmenaren (lan-hitzarmenaren) aldaketak eta honen aplikazioa; Baimenen eta Lizentzien aplikazioa; eta Karrerako Funtzionarioentzako Ikasturte Hasierako Esleipenen agindu aldaketaren proposamen idatzia zein azalpena.
1.- Hitzarmenaren aldaketak
Hitzarmenaren aldaketei dagokionez, ondorengoak dira, besteak beste, jaso diren aldaketak:
- Bigarren Hezkuntzan zaintza orduak bi izango dira.
- 1.200 orduko jardunaldia 202 egunetan izango da 25. artikuluko 3 eta 4 taldeetan; 2026-2027 ikasturtean ordutegia alde sozialarekin negoziatu beharko dela adostu da.
- 2 egun gehiago ospitaleratze zein heriotza baimenetan, 150km-tik gora gertatzen denean, ahaidetasun guztietan.
- Norberaren eginkizunak:
- 360 egun lanez gero onartuko dira, jarraian izan ala ez.
- Irakaskuntza Prestakuntza Masterreko praktikaldia egiteko urtebeteko epearen salbuespena.
- Beste lan baterako bateragarritasuna onartuta dagoen kasuetan ere eskatu ahal izango dira.
- Gazteberritzean:
- Transmisiorako adierazten diren funtzioak bete beharko dira, baina ez dira guztiak derrigorrezkoak izango.
- Eginkizunetan aldaketak badaude modalitatez aldatu ahal izango da.
- Ikasketa ofizialak egiteko jardunaldi murrizketa berreskuratu da, 2010ean jasota zegoen bezala.
2.- Akordioaren aplikazioa
LABek, izandako intzidentzien jasoketa egiteaz gain, Lurralde Ordezkaritzetan instrukzio garbiak ematea eskatu du akordioan jasotzen den oro maiatzaren 9an adostu bezala aplikatzeko; batik bat:
- Norberaren eginkizunak: 360 egun lanean egonda, Norberaren eginkizunak onartuko dira, jarraian izan ala ez.
- Ospitaleratzeagatik baimena:
- “Reposo” jartzen badu, baimena onartuko da.
- Baimenaren egunen artean asteburua badago, titularrak baimena eskabide bakarrean eginez gero, ordezkoak kontratuarekin jarraituko du.
- 30 eguneko muga ezabatzen da ospitaleratze desberdinen kasuan.
- Heriotzagatik baimena: Lanaldia amaitu ondoren gertatu bada, hurrengo egunetik aurrera hasten dira egunak zenbatzen.
- Zuzendaritzak ordezkatzea: Instrukzio bat egingo dute hori errazteko.
3.- Bestelako informazioa:
- Lekualdatze-lehiaketa: Eskaera aldia abenduaren 17an hastea eta urtarrilaren 8an amaitzea aurreikusten da, azken eguna barne. Merituei dagokionez, tutore izanagatiko agiria aurkeztu behar duen irakasleak, 2009tik aurrera bada, zuzenean Hezigunean lortuko da. Data horren aurretik izan bada, zentroan lehenbailehen eskatzea komeni da.
- Ordezkagunea: Ordezkapenak aterako diren azken eguna abenduaren 19an izango dela adierazi du Hezkuntza Sailak, abenduaren 22ko eta aurreragoko ordezkapenak betetzeko. Bestalde, urtarrilaren 5ean izango da urteko lehen Ordezkagunea, urtarrilaren 7an ikastetxeetan ordezkapenak hasteko. Era berean, administrazioak adierazi du ez dituela oporraldian kontratu-mozketak egingo ordezkapenaren arrazoiak jarraitzen duen bitartean.
- Ikasturte Hasierako Ebazpenak: Aste honetan aldatuko dituztela esan dute, jardunaldi murriztuetako orduak zuzenduz.
- Euskara Koordinatzaile figura: LABentzat sinadurarako ezinbestekoa zen eta estrategikoa den Euskara koordinatzaileak urtarrilean hasiko dira HKI altu edo oso altuko ikastetxeetan proba pilotu gisa, orotara 20 izango direlarik. Beraz, urtarrilaren 5ean Ordezkagunera aterako dira 20 irakasle horietako ordezkapenak.
- Ibiltaritzak, EHI (ALE): Bestalde, EHI (ALE) figurei dagokionez, LABen eskariz hainbat eskualdetan errefortzuak jarriko dira, besteak beste, Busturialdean, Lea-Artibain eta Donostialdean. Horiek urtarrilaren 5ean esleituko dira Ordezkagunean.
Bukatzeko, LABek lanean jarraituko du ekarpenak egiten eta mahaiak edukiz betetzen. Era berean, langileekin batera lanean jarraituko du orain arte bezala; zentzu horretan, asanbladak egiten jarraituko du afiliatuekin zein ikastetxeetan.


