EAEko Irakasleak: LABek hezkuntza kalitatean urratsak emateko adostutako baliabide guztiak txertatzea eskatu dio Hezkuntza Sailari

271

Gaur Plangintza Batzorde Teknikoa izan dugu, ikastetxe bakoitzean 2025-26 ikasturterako Lanpostuen Zerrendaz (LPZ) aritu gara bertan. Hezkuntza Sailak aurrez lanpostuen eta ikastetxez-ikastetxeko ikasleen eta taldeen inguruko informazioa partekatu zituen.

Berau aztertuta, hasteko, akordioari esker ikasturte honetan ikasle talde gutxiago izan arren, irakasle gehiago daude ikasturte honetan. Esaterako, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan matrikulazio jaitsierak eraginda 47 talde gutxiago izan arren, 287 irakasle gehiago txertatu dira aurtengo LPZan. Ordea, Eusko Jaurlaritzak ez du akordioa bere osotasunean bete, irizpideak alde bakarrez hartu ditu eta ez ditu akordioa betetzeko behar diren lanpostu guztiak sortu.

  • HH eta LHn, salatu dugu sinatutako irakastordu jaitsierak ez duela behar besteko lanpostu gehikuntza sortu. Ordu jaitsiera bakoitzak ordu konpentsazio bat ekarri behar du, eta hau ordea Hezkuntza Sailak alde bakarrez erabakitako irizpideak aplikatuz eman da. Honen aplikazio egokiak ikasleenganako arretaren kalitatea hobetuko luke.
  • BHn, bestalde, irakasle guztiak gehienez 17 irakastorduko lanaldiarekin egon behar dira, eta salatu dugu ezin direla bestelako proiektuetara bideratuta zeuden eskolako kredituak erabili jardunaldiak 17 ordura egoteko. Honekin, irakastordu bat jaitsi ala eta Hedatzerako ordua ordutegiaren barruan egoteak ekarri beharko lituzkeen baliabide gehigarriak ez dira esleitu.

Beraz, LABek exijitzen du sinatutako Lan Hitzarmena bere osotasunean bete dadin, hezkuntza publikoak behar duen inbertsioa kameretan baino herri gisa ditugun erronkei begirako eta LABentzat estrategikoak diren baliabideetan egitea eskatzen du: euskalduntzean, aniztasunari erantzutzeko edota hezkidetza proiektuetan sakontzeko, hezkuntza kalitatea helburu.

Batzordean beste gai batzuen inguruan ere aritu gara:

> Hizkuntza Koordinatzaile figura

Hizkuntzaren Koordinatzailearen figurari dagokionez, pilotajea zein ikastetxetan egingo den pilotajea jaso nahi dugula adierazi dugu. Ez digute informaziorik eman, soilik pilotajea burutzen ari dela 10 ikastetxetan Lehen Hezkuntzan eta 10etan ikastetxe Bigarren Hezkuntzan.

> IRALE

Halaber, IRALErekin zehazki zein asmo duten jakin nahi dugula adierazi dugu. LABetik erabakiak adostuta izan daitezela eskatzen dugu, eta informazioa garaiz emateko eskatzen diogu Hezkuntza Sailari.

> Lanpostuen perfilazioa

Egun, oraindik ere gehienbat Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zentro askotan Hizkuntza Eskakizun gabeko plaza ugari daude, eta berauek perfilatzeko urratsak ematea eskatu dugu. Ildo horretan hezkuntza eskaintza euskalduntzera bidean, oztopoa dela ulertzen dugu. Euskalduntze Planak eskatu ditugu, eta baita lanpostuei perfilazio data esleitzea ere.

> Fusionatuko diren eskolak

Fusionatu diren edo fusionatuko diren eskolen inguruan. Hezkuntzaren kalitatea bermatzeko beharrezko lanpostuak mantendu eta baliabide gehigarriak behar dira zentroetan fusioak modu egokian aurrera eramateko, baita fusioa geratatu eta hurrengo urteetan. Halaber, zentro fusionatuetan egongo den ikasle kopuruaren inguruko aurreikuspen erreala egitea exijitu dugu zentro handiegiak ez sortzeko. Are gehiago, prozesu hauetan sindikatuok Jaurlaritzaren partetik izan dugun informazio falta salatu dugu.

Azkenik, aipatu behar dugu ahoz behintzat Hezkuntza Sailak 3 mahai deitzeko konpromisoa hartu duela: HH-LHn zein BHn ordu murrizketek sortu behar dituzten baliabideen inguruko mahai bana; eta fusioen inguruko beste bat.

LABetik adierazi nahi dugu mahai hauek lehenago deituak izan behar zirela, era berean, akordioaren aplikazioa irailaren 1etik egin behar zela. Honekin, maiatzeko lan hitzarmena bere osotasunean betetzearen alde egiten jarraituko dugu, horretarako beharrezkoak diren bideak aktibatuz.

INFO-2025-10-30_Plangintza-Batzorde-Teknikoa