EAEko irakasleak: irakasleon ikasturteko bigarren mahai negoziatzailea

285

Aniztasunari erantzuteko Dekretua, Lekualdatze-lehiaketa, 2023ko Lan eskaintza publikoa eta Lan baldintzen akordioa


Atzo ikasturteko bigarren mahai negoziatzailea izan genuen irakasleon lan baldintzak arautzen dituen akordioaren proposamenak eztabaidatzeko. Gai honek atzoko bileran zentralitatea hartuko zuen arren, Administrazioak proposatutako bestelako gaiak direla eta, ezin izan genuen landu. Beraz, beste bilera bat adostu genuen akordio arautzailearen lanketa egiteko azaroaren 20an. Beste gaiei dagokienez, hauxe da bilerak emandakoa:

1. EAEko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleek Hezkuntza-sistema inklusibo baten esparruan aniztasunari erantzuteko Dekretua aurkeztea
Inklusioari aurre egiteko Dekretu berri hau sakon aztertuko dugu, horretarako hilabeteko epean sektore bezala ekarpenak aurkeztuko dizkiogu Hezkuntza Sailari. Gure ekarpenak norabide honetan bideratuko ditugu: eskoletan baliabide pertsonalak, hala nola, hezkidetzako, euskara indartzeko eta inklusiorako figura estrukturalak txertatzea; Formakuntza jasotzea; HKIa irizpideak kontuan izatea baliabideak gehitzerakoan. Beraz, baliabide gehigarriak eskatu betiere, lan zametan eragin negatiborik suposatu gabe.

2. 2023/2024 Lekualdatze-lehiaketaren zirriborroari egindako alegazioak
Sindikatuek aurkeztutako alegazioak aztertu ziren. Nahiz eta alegazio batzuk aztertuko zirela adierazi izan, Hezkuntza Sailak Espainiar Estatuko Lekualdatzeetan ezarrita dagoen arautegiaren araberako bidetik urrunduko ez zirela adierazi zuten behin eta berriz. 2023/2024ko Lekualdatze autonomikoaren deialdia abenduaren 1ean argitaratuko da. Parte hartzeko epea abenduaren 4tik 21era aurreikusten du Administrazioak. LABek urtetan aldarrikatu duen bezala, lehiaketara eskaintzen diren lanpostu hutsen zerrenda aldez aurretik lehiakideei ezagutzera ematea eskatuta ere, Hezkuntza Sailak adierazi zuen behin-behinekozerrenda bat argitaratuko zuela egun batzuk lehenago. Nahiz eta prozesu honetan plaza guztiak ateratzea eskatu, ahalik eta gehien ateratzen saiatuko zirela erantzun zuen.Merezimendu lehiaketa eta birbaremazioaren inguruko datu eta datak helarazi zizkiguten ahoz. Hemen informazio gehiago: https://labur.eus/cFtBe

3. 2023ko Lan eskaintza publikoaren proposamena
2022ko datuetan oinarrituz, 2023an eskainiko diren lanpostuak 870 lirateke, Espainiar Estatuko birjartze- tasak zehaztutakoaren arabera. Hauetatik 725 karrerako funtzionarioen erretiro, heriotza eta eszedentzien ondorioz erreserbarik gabekoko lanpostuak dira. Gainontzekoak, Espainiako legeak ahalbidetzen duen birjartze-tasari lotutako %20ko tasa gehigarria aplikatuko die Hezkuntza Sailak. Orotara, 870 postu lan eskaintza publikora aterako direla aurreikusten du. Birjartze tasa urtero kalkulatzen denez, urtero onartu behar dira EPE eskaintzarako lanpostu hutsak. Urtero onartzen diren lanpostuak pilatu egiten dira eta hiru urtetik behin deituko diren oposizio zikloetan eskainiko dira.

4. Lan Baldintzak arautzen dituen akordioaren proposamena
Arestian esan bezala, atzoko bilkuran ezinezkoa izan zen gai honi heltzea, beraz datozen negoziazio mahaiei begira LABek foroak antolatuko ditu afiliazioaren iritzi eta ekarpenak jasotzeko helburuz. Lanean jarraituko dugu ahalik eta Akordio Araultzaile onena lortzeko!