EAEko Irakasleak: Hezkuntza Sailak ez ditu behar diren urratsak ematen irakaskuntza publikoa euskalduntzeko

128

Korrika Euskal Herria zeharkatzen ari den honetan Hezkuntza Saila irakaskuntza publikoa benetan euskalduntzeko behar besteko urratsik ematen ez dela ari salatu nahi du LABek, eta ematen dituen gutxiak aldebakartasunez egiten ditu, langileak kontuan hartu gabe.

Azterketa desberdinek agerian utzi dute azken urteetan euskararen ezagutza zein erabilera geldialdian sartu direla. Zentzu horretan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako administrazioak ez ditu nahikoa neurri jartzen joera hori aldatzeko; izan ere, Hezkuntza Sailak arlo desberdinetan oztopoak baino ez ditu jarri azken hilabete eta urteetan.

Azkenaldian ahoz aho dabil azken 40 urteotan ehunka irakasle euskaldundu eta euskal kulturan murgildu dituen IRALE programaren etorkizuna, eta horren aurrean honakoa adierazi nahi du LABek:

Azken hamarkadetan irakasleria euskaldundu eta alfabetatzeko IRALEk, beste proiektu batzuekin batera, egindako lanari esker irauli egin da 80 eta 90. hamarkadetako egoera. Egun, ordea, jendartean bezala, euskararen erabilera, kalitatea, belaunaldi berrien euskalduntzea edota euskal kulturaren transmisioa egoera zailean aurkitzen dira. Testuinguru horretan, aurrera urrats ausart eta sendoak emateko abagunean gaude, eta horretarako behar-beharrezkoa da irakasleen prestakuntzarako baliabideak gehitzea; euskalduntzean eta euskal kulturaren transmisioan aurrera urratsak eman ditzagun.

Datorren ikasturteari begira, Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua sortuko da; dakigun bakarra da 17/2023 EAEko Hezkuntza Legeak zehazten duena: bere eginkizun nagusia hizkuntza-metodologiak lantzea eta irakasleak prestatzea izango dela. Modu horretan, Institutuak bere gain hartuko ditu Euskara Zerbitzuaren eginkizunak. Legeak dioenaz harago, besterik ez dakigu, Hezkuntza Saila aldebakarrez ari baita beste behin ere. LABek uste du institutu horrek IRALE programak bere gain hartzen dituen helburuak hartu beharko dituela, behar eta garai berrietara egokituta eta hobetuta. Zentzu horretan, egungo Lanpostu Zerrendari eutsi behar zaio, gutxinenez, baliabideak gehitzea ez bada.

Berrantolaketa hori, ordea, modu antolatuan eta gardenean egin behar dela adierazi nahi du LABek eta ez Saila egiten ari den bezala, aldebakarrez eta informaziorik eman gabe. LABen iritziz, berregituraketaren helburua irakasleak modu eraginkorrean euskaldundu eta euskal kulturan murgiltzen sakontzea izan behar du, eta ondorioz, irakasleek euskararekiko atxikimendua handiagotuz ikasleengan eragitea; finean, formakuntzak eraginkorrak izatea bilatu behar dugu, irakasleek ikastaroen bidez jasotako ezagutzak ikastetxean eragina izan dezan.

Aldaketa hori gauzatu bitartean, datorren ikasturterako murgiltze-ikastaroak mantendu behar direla adierazi nahi du LABek, bermoldaketa nolakoa izango den jakin eta adostu gabe baliabideak galtzea ekar baitezake. Trantsizio egoera horretan, prestakuntzen planifikazioa eta ebaluazioa hobetu behar dela uste du LABek hauek ikasleengan eragina izan dezaten bermatzeko modua baita.

Horrez gain, Hezkuntza Sailari Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutuaren baitan IRALEk izango duen berrantolaketa, planifikazioa eta baliabideak sindikatuokin partekatzea eskatzen dio LABek. Eta ezinbestean, horrelako prozesu bat abiatu aurretik euskalduntzearen inguruko diagnostiko integrala osatzea eta alde sozialarekin partekatzea.

Bestetik, Bigarren Hezkuntzan eta bereziki Lanbide Heziketan eragiten duen egoera salatu nahi du LABek. 2025-2026 ikasturteko lekualdatze-lehiaketan, 1. hizkuntz eskakizuneko (B2 mailakoak) lanpostuak ez eskaintzea ahalbidetzen zuen ebazpena argitaratu zuen Hezkuntza Saialak; bestetik, ikasturte hasierako lanpostuen adjudikazio-prozesua arautzen duen aginduan, Sailak ezarri zuen 2. HEko hizkuntza-profila duten langileek soilik 2. HEko lanpostuak eskatu eta eskuratu ditzaketela.

LABetik salatzen dugu bigarren hizkuntz eskakizuna duten langileen diskriminazioa iraunarazten duela Sailak. Batetik, ikasketak euskaraz eta D ereduan egiteko aukera oso txikia da, eta ondorioz, gaztelaniaz ikastera bultzatzen dituzte ikasleak; bestetik, lekualdatze lehiaketan, lanpostu guztiak langile guztiei gardentasunez eta aukera berdintasunean eskaini beharrean 1. hizkuntz eskakizuneko lanpostuak ez eskaintzea ahalbidetzen zuen ebazpena argitaratu zuen gainerako langileekiko diskriminatzailea den neurri bati bide emanez.

LABek dituen datuen arabera, hizkuntza eskakizun eta derrigortasun datarik gabeko lanpostuak hurrengoak dira: Lanbide Heziketan 1. hizkuntza eskakizunarekin 1.305 lanpostu (2. hizkuntza eskakizuna dutenak 2.696 dira); eta Bigarren Hezkuntza eta irakaskuntza integratuetan berriz, 1. hizkuntza eskakizunarekin 222 lanpostu dago (2. eskakizuna dutenak, berriz, 6.804 dira).

Hori dela eta, lanpostu guztiek 2. hizkuntz eskakizuna izatea, eta horrez gain, euskara planak garatzea ezinbesteko direla aldarrikatzen du LABek langile publiko guztiak euskalduntzeko.

Hezkuntza Sailak arlo horretan aurrerapausurik eman nahi ez duela ikusita, ikastetxeetan lanpostuak 2. hizkuntz eskakizunean perfilatzeko kanpaina abian jarriko du LABek ikastetxeetako zuzendaritzekin elkarlana sustatuz; izan ere, zuzendaritzek eskumena dute lanpostuak perfilatzeko eta beraien egitekoen barruan sartzen da ikastetxeak euskalduntzeko urratsak ematea.

Ereduei erreparatuz gero, euskalduntzen ez duten ereduen bitartez eskaintzen diren ziklo guztietatik %60a bakarrik da euskaraz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Egoera hau larritu egiten da Oinarrizko Lanbide Heziketan non D eredua anekdotikoa den (matrikulen %18,5).

Hezkuntza Saila egiten ari den berrantolaketen ondorioz, D ereduko ikas plazak desagertuz doazela salatu nahi du LABek; horren adibide larriena Txurdinaga Behekoa BHIkoa da. Izan ere, 2027-2028 ikasturterako batxilergorako eskaintza bertan behera utzi beharko du ikastetxeak Sailak hartutako aldebakarreko erabakiarengatik, bertako langile eta komunitatearen iritzia aintzat hartu gabe.

Hezkuntza Sailak hartutako erabakiak planifikazio faltari erantzuten dio, eta honek hainbat ondorio dakartza; besteak beste, D ereduko batxilergo artistikoko eskaintze gutxitzea eta ondorioz, dagoen eskaera ez betetzea.

Guzti hori gutxi ez, eta azken urteetan hainbatetan salatu du LABek irakasleen formakuntzak gazteleraz jaso dituztela. Azken adibidea Sestaoko ikastetxe batean izan da, baina aurrez ere izan dira kasuak Gipuzkoan, Lanbide Heziketan edota Hezkuntza Bereziko Espezialistetan.

Amaitzeko, murgiltze eredua hezkuntza osora zabaldu dezala eskatzen dio LABek Hezkuntza Sailari, eta hori aurrera eramateko baliabideak jar ditzala, soilik modu honetan lortu daitekeelako benetako euskalduntzea.

> Argazki galeria:

2026-03-26_LAB_Irale_EU