EAEko Irakasleak: Hezkuntza Sailak aldebakarreko bideari eusten dio, benetako negoziazioari ateak itxiz

808

LABek negoziaketa mahaiak edukiz bete eta hitzarmenean jasotakoa garatu eta ezarri dezan exijitu dio.

Gaur, urriaren 27an, ikasturteko bigarren mahai negoziatzailea izan dugu. Hezkuntza Sailak negoziaketarako hiru puntutako gai ordena partekatu zuen arren (Hitzarmenaren hutsen zuzenketa eta aldaketa, EPE 2026 eta zalantzak eta kezkak), Sailak berak dituen nahi eta intentzioen inguruko mahaia izan da; gai-ordenean zeuden puntuak banan-banan hitz egin eta adostu ordez, informazio partekatze hutsa izan da.

> Hutsen zuzenketa

Maiatzaren 9an sinatutako akordioa indarrean jarri eta lan baldintzetan dagoeneko eragin nabaria izan duen arren, ofizialki boletinean publikatu ahal izateko ezinbestekoa da hutsen zuzenketa sinatu eta tramitatzea. Hitzarmenean jaso beharreko hutsen zuzenketa sinatzea gai ordeneko puntua bazen ere, administrazioak pasa den astean zehar sindikatuok egindako ekarpenak aitzaki hartuta, ez du proposamen zehatzik egin. Are gehiago, ez da adostasunetara iritsi ahal izateko negoziaketarik eman. Sailak beste proposamen bat bidaliko duela adierazi du.

> EPE deialdia

Gaurko mahaian EPEen inguruko zehaztasunak eman behar bazituzten ere, ez dugu halakorik jaso; 1.400 lanposturen eskaintzaren inguruan hitz egin du, Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntzako espezialitate guztietarako. Hala ere, Sailak ez du datorren ikasturte hasieran EPE prozesurik egongo den ziurtatu. LABetik hitzarmenean adostutakoa betetzea exijitu diogu Hezkuntza Sailari, zehaztutako maiztasunarekin EPE deialdia egitea zein materialak eguneratu eta euskaratzea.

> Kamerak

EAEko hainbat zentrotan ikasgeletan jarri nahian dabiltzan kamera eta mikrofonoen inguruan, harritu egin gaitu Hezkuntza Sailaren jarrerak. Izan ere, mahaian adierazi dutenez, ez daukate inolako informaziorik, eta sindikatuoi eskatu dizkigute argipenak. Oso larria iruditzen zaigu administrazioak berak ez jakitea nola ezarriko diren, ezta Hezkuntza Komunitateari adeiraztea zertarako izango diren. Edonola ere, joan den ostiralean adierazi genuen moduan, LABek argi du bestelako baliabideak direla egun hezkuntza publikoak behar dituenak eta ezin direla horrelako erabakiak aldebakarrez eta informatu gabe hartu.

> Lekualdatze lehiaketa (LAL)

Berratxikipen prozesuari dagokionez, gaurtik aurrera azaroaren 10era arte formularioa irekiko da nahi duenak borondatezko eskaerak egiteko; orain egun batzuk bidali zen jakinarazpena zentroetara. Bestalde, Lekualdatze lehiaketa duela bi urteko data antzekoetan izango dela adierazi du Sailak: azaro amaieran ala abendu hasieran. Berriz ere, lanpostuen zerrenda sindikatuekin negoziatzea exijitu behar izan dugu, eta aukeraketa egin aurretik lanpostu zerrenda langileen esku jartzea, hitzarmenean jaso zen bezala.

> Ikasturte hasierako ebazpena

Hezkuntza Sailak onartu du Ikasturte hasierako ebazpenean ez zituztela ondo jaso jardunaldi murriztuetako irakastorduak. Dokumentua zuzendu, ikastetxeei horren berri eman eta langileek dagokien jarduna egin ahal izateko beharrezko baliabideak jartzea eskatzen du LABek.

> Adinagatik murrizketak eta gazteberritze plana

Bitarteko langileen kasuan, hilabete hauetako atzerapena konpentsatzeko eskatu da mahaian. Horrez gain, ikasturtean zehar urteak egin eta murrizketa eskatzeko eskubidea duten langileen kasuan, murrizketa horiek urtegunean bertan has daitezela galdegiten dugu, administrazioa ez baita hori betetzen ari. Bestalde, ikasturtean zehar metatzea eskatzen dutenak hiruhilabetero ebazten joango direla adierazi du Sailak.

> Tramitagune

Eskaera kopuru handiaren aurrean, ezin erantzunda aurkitzen direla onartu dute Sailetik. LABetik langile horiek pairatzen duten lan-karga salatzeaz gain, baliabideak eta lanpostuak gehitzeko eskaera egin dugu, arazoa estrukturala baita. Ez da onargarria eskaera egiten duten langileek erantzunik ez jasotzea eta ziurgabetasun egoeran uztea. Hezkuntza Sailak ezin du langile horien gain utzi isiltasun administratiboaren aurrean erantzuna baiezkoa edo ezezkoa den jakitea, hori baita egoera horri eman nahi dioten irtenbidea.

> Birbaremazioak

Datorren astean hasiko direla aipatu dute. Ordezkoen araudiari dagokionez, III. Eranskinean sindikatuetatik eskatu diren moldaketei lotuta Unibasq-i txosten bat egiteko eskatu diola aipatu du Hezkuntza Sailak, eta ondoren, administrazioak berak erabakiko duela aldaketarik egin ala ez.

Bukatzeko, Hezkuntza Sailak mahai negoziatzaileen egutegi bat mahai gainean jartzeaz gain, negoziaketarako gune erreal bat izatea eskatzen du LABek. Izan ere, administrazioak idatzizko proposamenak aldez aurretik helarazi eta sindikatuok mahaien aurretik ekarpenak egin arren, mahaietan ez da benetako eztabaida eta negoziaketarik eman. Are gehiago, hitzarmenean jasota dauden hainbat artikulu garatzerako garaian sindikatuon oniritzirik gabe eta ebazpen bitartez tramitatuko direla adierazi du Sailak, ordezkoen araudia esaterako. Beraz, aldebakarrez jokatuko du beste behin ere Hezkuntza Sailak.

Gauzak horrela, LABek lanean jarraituko du maiatzaren 9an akordioa bere osotasunean garatu eta aplikatu dadin, izan ere, irakasleon lan baldintzetan zein hezkuntza kalitatean hobekuntza nabariak jasotzen ziren bertan. Zentzu horretan, mahaietan ekarpenak egiten jarraitzeaz gain, bide mobilizatzailea zein juridikoa aktibatuko ditu LABek.

2025-10-27_INFO-Mahai-negoziatzailea