EAEko Irakasleak: Hezkuntza Sailak akordioa osotasunean bete gabe eta erabakiak aldebakarrez hartzen jarraitzen du

103

Gaur, martxoak 13, mahai parekidea eta negoziatzailea izan ditugu Lakuan. Jarraian duzue bertan landu ditugun gai ezberdinak laburtuta.

> Batzorde parekidea:

Batzorde parekidea lan akordioaren inguruko urraketen edo interpretazioen inguruan hitz egiteko gunea da, eta bertan sindikatu sinatzaileak gaude. Gaurkoan bi izan dira lantzeko gaiak: datorren ikasturterako Lanpostuen Zerrendarako aginduaren zirriborroa eta Lehen Hezkuntzako ratioen aplikazioa.

Datorren ikasturteko LPZko aginduaren inguruan aritzean honakoak eztabaidatu dira:

  • HEZI+ek hitzarmena urratzen duela salatu du LABek, eta ordu horiek 26 c) artikuluan adierazi bezala ordutegian sartu behar direla. Hezkuntza Sailak argi adierazi du haientzako He-Hobetuzek ez duela hitzarmena urratzen, eta ez du aldatzeko intentziorik adierazi. LABek desadostasuna adierazi du.
  • Baliabideak esleitzeari dagokionez, zaintza orduak egon dira eztabaidagai. Institutu askotan hiru zaintza ordu aplikatzen jarraitzen dute, dauden baliabideekin ez baitute ordu nahikorik 17 irakastordu +2 zaintza formula aplikatzeko. Hitzarmena betetzeko zentroetan ordu kreditu gehiago eman behar direla adierazi du LABek.
  • Lanpostu guztiek 2. Hizkuntza Eskakizuna izatera bidean urratsak eman behar direla adierazi du LABek. Ustez, euskalduntze plana bidean dago, baina oraindik ere hainbat zentrotan plaza askok hizkuntza eskakizunik gabe jarraitzen dute; hori dela eta, lekualdatze lehiaketetan ez dira eskaintzen. Ondorioz, plaza horiek hizkuntza eskakizunik gabe betikotzen dira. LABek 2. Hizkuntza Eskakizuneko plazak orokortzeko lanean jarraituko du.

Lehen Hezkuntzako ratioaren inguruan, Hezkuntza Sailak adierazi du 22ko ratioa 1. mailan soilik aplikatuko dela eta ratioen jaitsiera modu progresiboan aplikatuko duela. Langileak esleitzeko irizpideen dokumentuak Lehen Hezkuntza osoan ratioa 22koa izango dela zehazten du, eta beraz, sinatutakoa betetzea exijitu du LABek.

Bestelako gaiak ere aipatu dira:

  • IKT figura: Fusionatzen edo berrantolatzen ari diren ikastetxeetan mantenduko da.
  • Hitzarmenetik eratorrita, Entzumen eta Hizkuntzako Irakasle (EHI) gehiago egongo dira datorren ikasturtean, eta horien baldintzak arautu eta hobetzeko bilera bat eskatu du LABek.
  • Ongizate eta Babeserako Koordinatzailea ere aplikatzea adostu zen 2025eko maiatzaren 9ko akordioan. Horren inguruko zehaztasunak eskatu dizkio LABek Sailari.

> Mahai negoziatzailea:

Bi gai landu dira: bitartekoen IKHA-COCU eta IRALE.

Bitartekoen IKHA-COCUren inguruan honako adierazi du Hezkuntza Sailak:

  • Esleipenetako egutegia ahal den eta azkarren bidaliko duela. Ahal den neurrian datak aurreratzeko eskatu dio LABek Sailari.

IRALEri dagokionez, Hezkuntza Sailak adierazi du IRALEko langileekin hainbat bilera egin dituztela, eta bertako irakasleek hurrengo urteko funtzionamendua dagoeneko ezagutzen dutela.

Horrez gain, langileek zerbitzu eginkizuna luzatzeko eskaera egin dutenez, proposamenarekin ados daudela iradoki du; gainera, azken urteetan euskararentzako baliabideak esponentzialki igo dituztela adierazi du Sailak. Egituraketa honakoa izango dela adierazi du Hezkuntza Sailak:

  • A, E eta U ikastaroak: berdin mantenduko omen dira.
  • H eta I ikastaroak: Ikasiz Hezi programaren baitan egongo ei dira, baina berdin mantenduko direla adierazi dute, lanaldi barruan. Aldaketa bakarra izena izango omen da.
  • R ikastaroak (R300, R400, R600 eta R900): irakasleak IRALEra joan beharrean, irakasle formatzaileek zentroetan emango ei dituzte ikastaroak; adierazi dute oraindik ez dagoela zehaztuta nola egingo den hori.

LABek IRALEko irakasleekin hartu-emana izan du azken hilabeteetan, eta Sailak emandako argudioak ez datoz bat bertako irakasle gehien-gehienen iritziekin.

Alde batetik, IRALE eta Euskara eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren antolaketaren inguruko hainbat galdera helarazi genituen orain hilabete, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso.

Bestalde, gaur jasotako azalpenak ez ditu ontzat ematen LABek, eta Hezkuntza Sailaren gardentasun falta eta aldebakartasuna salatzen ditu. Azkenik, dena delako egituraren bidez, irakasleen murgiltze-ikastaroak mantendu eta indartu egin behar direla adierazi dugu; zentzu horretan, ez dugu atzera pausurik onartuko.

Era berean, Euskara eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren baitan IRALEk izango duen berrantolaketa sindikatuokin negoziatu eta adostea eskatzen du LABek.

LABek salatu nahi du martxoaren erdialdean berrantolaketa guztia zehaztu gabe dagoela eta berregituraketa horren arrazoiak sindikatuokin eta IRALEko langileekin partekatu ez dituela. Horrek haserrea eragin du irakasleen artean.

Urtarriletik hona Hezkuntza Sailak egindako mugimenduak salatu nahi ditu LABek. Akordio arautzaileak hainbat baliabide gehigarri jaso zituen, zeintzuek lan zamaren jaitsiera eta hezkuntzaren kalitatearen hobekuntza ekarri beharko luketen; horretarako Hezkuntza Sailak osotasunean aplikatu behar du akordioa. Honenbestez, honakoa eskatzen du LABek:

  • Orokorrean, Sailak egiten dituen proposamen edo aldaketak sindikatuokin mahaietan negoziatu eta adostea.
  • Hezi+ programako He-Hobetuz orduak Bigarren Hezkuntzako irakasleen irakastorduen baitan kokatzea eta beharreko baliabide gehigarriak esleitzea ordu horiek kubritzeko.
  • Lehen Hezkuntzan 22ko ratioa maila guztietan ezartzea, Plantilak Esleitzeko Irizpideen akordioan adostu bezala.
  • 2. Hizkuntza Eskakizuneko plaza kopurua handitzea. Bada garaia euskalduntzean urratsak emateko, eta bide honetan estrategikoa da gero eta plaza gehiago egotea 2. perfilarekin.
  • Euskararen normalkuntzan emango diren urratsetan gardentasuna egotea, eta ematen den urrats oro sindikatuokin negoziatuz eta adostuz.
  • Fusioak edo integrazioak abiatu aurretik sindikatuokin negoziatu eta adostea, eta edozein kasutan ere D ereduko ikaspostu publikorik ez kentzea.

Bukatzeko, Hezkuntza Sailaren ez betetzeen aurrean lanean jarraituko du LABek, beharrezkoak diren bideak jorratuz, mobilizatzailea zein judiziala.

INFO-2026-03-13