EAEko Irakasleak: Desburokratizazio Batzordean informazio eta zehaztasun gehiago eskatu ditu LABek

83

Gaur Desburokratizazio Batzordea izan dugu Lakuan. Hezkuntza Sailak aurreko batzordean abenduaren 31rako galdetegiaren erantzunaren txostena eta ekintza plana jasoko genuela esan bazuen ere, batzordearen aurretik txostenaren inguruko orrialde batzuk jaso ditugu soilik.

Batzordearen eraketan 2025a amaitu aurretik lan batzuk azkartuko zirela esan zuen Sailak, baina batzordean urratsak motel ematen doaz oraindik. Gainera, Sailak adierazi du desburokratizazio batzordetik eratorrita baliabide gehiago ez direla egongo, akordioaren 26 artikuluan behar beste baliabide esleitzea aztertuko dela adierazten duen arren.

Bestalde, Sailak ematen hasi diren urratsak azaldu dizkigu, gehienbat aplikazio informatikoak erabilita prozesuen azkartzeari eragiten diotenak. LABetik pentsatzen dugu hori urrats bat izan daitekeela, baina ez dela karga burokratikoa behar beste arintzeko nahikoa. Halaber, batzordearen jarraipen egokia egiteko beharrezkoa da sindikatuok hartu nahi diren ekintza zehatzen informazioa aldez aurretik izatea.

Honenbestez, Hezkuntza Sailari hitzarmena bere osotasunean betetzea exijitzen diogu, eta lan zamak murriztuz baldintzak hobetzeko urrats errealak ematea.

INFO-2026-02-09