Prebentzio neurriak, baliabideak, protokolo eraginkorrak eta formakuntza espezifikoa eskatzen ditu LABek.
Lehenik eta behin, LABetik argi eta garbi adierazi nahi dugu 30 urteren ondoren, lan osasunaren prebentzio araudia ez dela ari betetzen administrazio publikoan. Eta horrek ondorio oso larriak ekartzen dizkigu langileoi egunero. Jakin badakigu laneko arriskuen lidergoa hartu dutela arrisku psikosozialek. Bistan da, irakasleak direla arrisku hau modu nabarmenean pairatzen duten kolektiboetako bat.
Zehazki arrisku psikosozialen aurrean ebaluaketa psikosozialak egin behar dira maiztasunez eta, batez ere, bertan ematen diren neurri prebentiboak integratu. Urteak daramatzagu hau aldarrikatzen eta hala ere, administrazioak beste aldera begiratzen jarraitzen du.
Formakuntza eta baliabideak falta dira, ez dira hartzen behar diren neurri teknikoak. Datu bezala, Hezkuntza Saileko Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuetan 14 teknikari baino ez daude sare publiko guztiari estaldura emateko. Bestalde, Hezkuntza Sailak azterketa medikuak hamar urtean behin egin izan ditu.
Gaur egun indarrean dagoen erasoen protokoloa ere ez da eraginkorra, soilik Ertzaintzarengana jo eta egoera salatzea jasotzen du. Ez da nahikoa erasoak gertatu direnean kudeatzea; aurrez adierazi bezala, erasoak ez gertatzeko prebentzio neurriak behar ditugu. Eta horretarako, baliabideak, formakuntza espezifikoa eta administrazioaren inplikazioa ezinbestekoak dira.
Horrela, Jaurlaritzaren prebentzio faltagatik, legedia ez betetzeagatik, irakasleak gaixotu egiten dira eta gainera langileei egozten zaie baja kopurua, euren errua balitz bezala. Estresa, antsietatea, depresioa… eta horiek ez dira “absentismoa”. Horiek lanak eragindako gaixotasunak dira. Eta hori publikoki aitortu egin behar da. Enpresa batean torno batek lesio larriak edo heriotza eragin ditzakeen bezala, arrisku psikosozialen kudeaketa ezak suizidioa ere eragin dezake. Gogorra da, baina hori da errealitatea.
Bitartean, oraindik ere gaixotasun psikologikoak laneko gaitzen zerrenda ofizialean onartuta ez dagoenez, Mutualitateek badute aukera lanak eragindako kalteak ez onartzeko eta ezkutatzeko. Beraz, aitzakia hori baliatuaz, baja arrunt gisa sailkatzen dituzte. Bitartean, erakundeek absentismoaz hitz egiten jarraitzen dute. Langileon osasuna kolokan jartzen duen sistema baten aurrean gaude.
Zentzu horretan, prebentzioaren ardura ez da betetzen, eta kontrola gero eta gehiago uzten ari dira esku pribatuetan. Izan ere, Espainiako Gobernuak mutuei eskumen gehiago eman dizkie, eta Jaurlaritza neurri hori garatzen ari dira. Etekin ekonomikoak lehenetsiz langileon osasunaren gainetik.
Azkenik, Jaurlaritzak berak lau haizetara zabaldutako diskurtsoaren eraginez begirunea galdu da adminisrazioan aritzen garen profesionalekiko. Beraz, baita irakaskuntzan aritzen garenekiko ere. Lan baldintzen defentsa egitea kriminalizatzen du Gobernu berri honek ere, egiteko modu berriak zituela irudikatu nahi izan duen arren, behin eta berriz langileongan jarri nahi izan du arduraz eta erantzunkizunez jokatu beharrean. Horren adierazle da Pradalesen gobernuak absentismoarekin duen diskurtso maltzurra.
Bestalde, irakaskuntza sektore feminizatua izanik, administrazioak behin eta berriz egindako adierazpenei egun diskurtso antifeminista eta faxisten gorakadak gehitu behar zaizkio. Honek, arrisku psikosozialak handitzen ditu eta langileon osasuna gehiago kaltetzen du.
Beraz, LABek azken asteetako gertarkarien aurrean jazarriak izan diren Plentzia eta Santurtziko bi langileei babes osoa adierazi nahi die.
Era berean, lanean jarraituko du Administrazioak langileon lan osasuneko araudia bete dezan. Zentzu horretan, LABentzat ezinbestekoa da prebentzio neurriak, baliabideak, protokolo eraginkorrak edota formakuntza espezifikoak ezartzea administrazioak.


