EAEko irakasleak: Irakasleon Akordio Arautzailearen negoziazioaren lehen bilera izan dugu

533

Lan hitzarmena berritzeko artikulatuaren zirriborroa aurkeztu zaigu, sindikatuok ekarpenak egiteko unea da orain

Irakasle funtzionarioen mahai negoziatzailea bildu zen atzo. Bertan, akordio laboralaren ondoriozko edukietako batzuk landu ziren. Batetik, irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen 2010eko Akordio Arautzailea berritzeko negoziazioaren inguruan aritu ginen. Hezkuntza Sailak artikulatu berriaren proposamena aurkeztu zigun, orain sindikatuok aztertu, osatu eta hobetu beharrekoa. LABek, besteak beste, indarra egingo du hurrengoetan: adinagatiko murrizketa eta gazteberritze planetan, ordezkoen
araudi berrian eta ordezko irakasleen eskubideak mantendu eta zabaltzean, lanaldian eta uztailaren izaeran, irakasleen funtzioetan, ordainsarietan dauden arrakalak gainditzean, lizentzia eta baimenetan, euskalduntzean, EPE ereduak aldatu eta egonkortzeko neurrietan, eta sortu daitezkeen figura berrietan edota baliabide gehigarrietan -hizkuntza-proiektuetarako, hezkidetzarako edota aniztasunaren trataerarako-.


Bileran Akordio Arautzailearen negoziazio faserako egutegia aurkeztu ziguten, abendura bitarteko mahaiak barnebiltzen dituena, eta hurrengo bilera azaroaren 8an burutuko da. Ordurako lehen 54. artikuluak landu eta ekarpenak bidali behar ditu sindikatu bakoitzak. LABen afiliazioarekin batera barne mailako bileretan landuko ditugu gure proposamenak eta eskola publikoetako gainerako irakasleen eskura jarriko ditugu.


Negoziazioekin hasi garen fase honetan gogoratu nahi dugu 2023ko martxoaren 30ean buruturiko hauteskunde sindikaletan ateratako emaitzaren araberakoa dela mahai sektorial bakoitzean sindikatu bakoitzak duen bozka ahalmena. Irakasle funtzionarioen mahai sektorialean, zehazki, %30eko bozka portzentaia da LABena, %38,18 STEILASena, %20,91 ELArena eta % 10,91 Interinok Taldearena.


Bestetik, Akordio Arautzailearen negoziazioaz gain, plantillak esleitzeko irizpideek izango ditugu negoziagai, izan ere, hauek ikasturtero landuko ditugu 2022ko maiatzaren 26ko akordioa sinatu dugun sindikatuon artean. LABek positibotzat jotzen du sinatzaile garen aldetik, akordioa etengabe berrikusi eta berritzea. Zentzu horretan, LABetik ALEen eta PTen ratioen eta hauen irizpideen negoziazioa proposatu genuen irailaren 27an buruturiko akordioaren jarraipen batzordean eta gaurko mahai negoziatzailean ere.


Mahai sektorialean negoziatuko ditugun gaiez gain, aurreko infoan esan bezala, ezinbestekoa zaigu funtzio publikoko Mahai Orokorrekoak diren gaiak, langile guztioi eragiten digutenak -erosahalmena bermatzeko soldata-igoerak, aurre-erretirorako neurriak edota birjartze-tasa, besteak beste-HEMEN NEGOZIATZEKO Urriaren 25ean eta Abenduaren 19an greba egin eta kalera ateratzea!