EAEko Irakaskuntza Publikoa: Hezkuntza publikoa sistemaren ardatza izan dadin inbertsioa handitzeko eskatu dugu

364

Azpiegiturak hobetu, baliabidez hornitu eta lan baldintzak hobetuko dituen akordioak adostu nahi ditugu zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.

Gaur, azaroaren 8an, Eraldatze programako ikastetxeetako arduradunak Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzan bilduta zeuden une berean, eraikinaren kanpoaldean elkartu gara hezkuntza publikoko langileon lan baldintzak hobetu eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko behar den inbertsioa aldarrikatzeko. Izan ere, aurreko Hezkuntza sailak gobernua eratu aurretik bertan behera utzi zituen negoziazio guztiak eta Hezkuntza sail berriak aurrekoaren lekukoa hartu eta abiatuta zeuden negoziazioak berrartu ditu. Nahiz eta azken asteetan mahai negoziatzaileak izan ditugun hezkuntza publikoko kolektibo guztietan, LABek ez ditu momentuz hauek nahikotzat jotzen. Batetik, garrantzitsuak diren hainbat eskaera oraindik ez direlako aintzat hartu. Bestetik, zenbait kolektiboetako mahaietan edukiak zein proposamenak falta direlako.

Hezkuntza Legearen testuinguruan egindako bi greba egunek Hezkuntza Sailarekin negoziatzeko aukera ireki ostean, LABek, 2023ko ekainaren 1ean, Hezkuntza Sailarekin sinatutako Akordio Laboralaren bidez, azpisektore guztietan lan hitzarmen berriak lortzeko bidea zabaldu zen. Izan ere, ezin dugu ahaztu, hezkuntza publikoko langileen lan baldintzak arautzen diren lan hitzarmenak 2000. urte hasierakoak direla: Heziketa Bereziko hezitzaileena 2004koa, Sukalde eta Garbiketakoa 2007koa, Haurreskolak Partzuergokoa 2009koa eta eta Irakasleena 2010ekoa.

Azpimarratu nahi dugu Hezkuntza Saileko Sukalde eta garbiketako langileen egoera. Lan baldintza okerrenak dituen sektore guztiz feminizatua izanik, oraindik ez dugu lan hitzarmena negoziatzeko zirriborrorik eta iaz sinatu genuen akordioa ez da bete. Bertan, 60 urtetik gorako langileen jarduna herenean murriztea sinatu genuen, adinagatik jarduna egokituta ez duen kolektibo bakarra izanik.

Heziketa berezian administrazioak gure aldarrikapenak jaso beharko lituzke negoziazioaren azken fasea ontzat emateko eta Haurreskolak Partzuergoko mahaian egin ditugun azken ekarpenak jasoko ote diren ikusteko zain gaude.

Irakasleetan aldiz, negoziazioak luze jo ostean egindako azken proposamenak ez zituen gure aldarrikapenak jasotzen, besteak beste, lan zamak, gazteberritze neurriak eta ordezkoen lan baldintzetan ez zegoelako aurrerapausurik. Ikasturte honetan izandako lehen mahaiak eta jasotako lehen proposamenak ez ditu LABek orain arte egindako eskaerak kontutan izan.

Horregatik, LABek borrokan jarraituko du Hezkuntza Sailak neurriak hartu ditzan, eskola publikoa eta Haurreskolak Partzuergoa ardatz izan daitezen eta behar duten inbertsio ekonomikoa izan dezaten, besteak beste, azpiegiturak hobetu, baliabideez hornitzeko edota, aurrez aipatu moduan, langileen lan baldintzak hobetzeko. Eta bide hori, nola ez, langileekin batera egingo dugu. Era berean, gainontzeko sindikatuengana ere joko dugu elkarlana sustatzeko asmoz.

Beraz, langileekin biltzeko foroak zein asanblada irekiak deituko ditugu. Era berean, aurrerantzean deituko ditugun deialdietan parte hartzera gonbidatu nahiko genituzke irakaskuntza publikoko langileak, esaterako, azaroaren 21ean hainbat eskualdetan, langile eta familiekin batera, arratsaldez burutuko ditugun mobilizazioekin bat eginez.

Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren bidean pausuak iruten jarraituko dugu.

2024-11-08-LAB_irakaskuntza_EU-1