EAEko Ikastoletako lan-hitzarmen berria sinatu dugu

869

Urriaren 20ko dataz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ikastoletako langileon lan baldintzak hobetzen dituen lan-hitzarmena sinatu dugu. Testu berrian ekainean EHIk, EIBk eta LABek sinatutako hobekuntzek isla izan dute. Hala nola, LHko eta HHko tutoreen urteko lanaldien murrizketa, Hezkuntza Laguntzaile Espezialisten (HLE) prestaketa orduen gehikuntza, DBHko maisu-maistra eta lizentziatuen arteko lansari parekatzea, gurasotasun baimenen parekatzea, kategoria profesional guztietan administrazioak emandako finantziazio gehikuntza baino soldata igoera handiagoak…Behin Lan-hitzarmen berriaren testua adostuta, ohiko prozedurari jarraiki, hitzarmenaren erregistroa egingo da Lan Sailean. Hau egin ostean, atzo sinatutako testua argitaratu eta 2022ko hitzarmena negoziatzen hasteko salaketa ipiniko da.

Lan-hitzarmen berriaren negoziazioen testuinguruan sinatzaileek- EHIk, EIBk eta LABek – lau batzorde berri eratzea erabaki dute:  ikastolen finantziazioa aztertzeko batzordea; jaiotze tasaren jaitsieraren ondorioak aztertuko dituena; jangela, sukalde eta garbitzaileen ratioak ezarriko dituen lan taldea eta kontratazioetan nazio irizpideak txertatzeko batzordea.

Negoziazio berriak biharko Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren bidean pareko lan-baldintzak izango dituen langileria erdiesteko tresna izan behar du. Horretarako, ikastoletako langile guztion ekarpena eta borrokarako grina ezinbestekoak izango dira. Euskal Herriak merezi eta behar duen hezkuntza sistema burujabea erdiesteko ikastoletako langileok gure komunitateetan eragin beharko dugu.    

Lan-hitzarmena-2021-10-21-infoa-2