Hezkuntza Sailak sinatu zuen Akordio Laboralean jasotakoa bete gabe jarraitzen duen testuinguruan, Lan-Hitzarmen berrirako negoziazioa hasi du LAB sindikatuak, osatu berri den Mahai Negoziatzailean.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ikastoletako Mahai Negoziatzailea osatu da 2026ko maiatzaren 25ean. Langileen aldetik, LAB sindikatuak %80,94ko ordezkaritza izango du, eta ELAk %18,71ekoa. Titularren aldetik, berriz, ordezkaritzari begira, honela gelditu da osatua: Ikastolen Elkartea-Partaide: %82 eta EIB: %18.
Mahaia osatuta, LAB sindikatuak Hitzarmen berrirako eskakizun plataforma aurkeztu du. Langileen lan kargak arintzeko neurrietan jarri du sindikatuak azpimarra; urteko ordu, eskola ordu eta arreta zuzeneko orduen jaitsieran, baimen zabalago eta baimen berrietan, zerbitzuen lehengoratzean eta jai iraingarriak baztertuz Euskal Herrirako egutegi propio baten aldarrikapenean, beste eskakizun batzuekin batera.
Ikastolen Elkarteak eta EIBek Eskakizun Plataformak aztertu behar dituztela adierazi dute. Bestalde, Mahai Negoziatzailean aldebakarrez aplikatuko duten lansari taula berria aurkeztu dute.
Lansari berrietan bi altxaketa ezberdin jaso dira:
Batetik, otsailean administrazioak langile publikoei 2026ari zegokion %1,5eko altxaketa bera EHIk eta EIBek ikastoletako langile guztiei oinarrizko soldatan aplikatuko die.
Antzinatasunean berriz, ez dute altxaketarik jasoko ordea, DBH-n, Batxikergoan eta Lanbide Heziketan dauden irakasleak.
EHIk eta EIBk adierazitakoaren arabera, lansarien parekatzearen bidean, kategoria honetan antzinatasunean dagoen diferentzia berdintzen joateko urratsa da; kategoria honetako langileek duten antzinatasunari dagokion kopurua, ordainketa eskuordetuan jasota dagoena baino altuagoa ez izatea da, altxaketarik ez aplikatzeko arrazoia.
LAB sindikatuak mahaian adierazi du, emandako %1,5eko altxaketa ez duela ontzat hartzen, berriro ere Madriletik inposatuta datorren igoera honek, ez baititu aintzat hartzen Euskal Herriak dituen beharrak eta LABek aldarrikatzen duen bertan erabakitzeko eskubidea ukatu egiten du.
Bestetik, 2026ari dagokion soldaten parekatzearen zatia jasotzen du aurkeztutako lansari taulak. Berriro ere, Hezkuntza Sailak, sinatutako Akordio Laborala erabat baztertuz eta bertan sinatutakoari muzin eginez, parekatzearen bidean 2026ari dagokion zatia, soilik langile batzuei aplikatu diela irmoki salatzen du LAB sindikatuak.
Hezkuntza Sailak berriro baztertu ditu baldintza apalenak dituzten langileak, izkin eginez Akordioa Laboralean jasotako konpromisoei.
Hezkuntza Sailak sinatutako konpromisoak bete ditzan borrokan jarraitzeko borondate irmoa du LABek, langile guztiei dagokiena lortu arte. Horregatik, LABek mobilizazioekin jarraituko du Lan-Hitzarmen berriaren negoziazioarekin batera.
LABek adostasunak lortzeko bokazioz eta dagokion arduraz jokatuko du, ikastoletako langileentzat baldintzarik onenak jasoko dituen Hitzarmena lortzeko.
LAB Ikastoletako langileen eskubideen alde!
Gora langileon borroka!
INFO-2026-03-27


