
Hezkuntza Saila iskin egiten ari zaio sinatu zuen Akordio Laborala betetzeari. LABek, ordea, sinatutakoa bete arte mobilizatzen jarraitzeko konpromiso osoa du.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako langileek kotxe karabana egin dute Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Nagusia inguratuz, Hezkuntza Sailari 2023ko Akordio Laboralean jaso ziren konpromisoak bete ditzan exijitzeko. Kide ugarik parte hartu dute kotxe karabanan.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako langile guztientzat Akordio Laborala sinatu zuten LAB sindikatuak eta Hezkuntza Sailak 2023an. Akordioan, langile guztien soldatak sare publikoko langileenekin parekatzea eta lan baldintzen homologazioaren azterketa egingo zela sinatu zen.
Hezkuntza Saila, ordea, iskin egiten ari da langile batzuen soldata parekatzeari, eta, egin beharreko homologazioaren inguruko azterketari dagokionez, ezarritako epeak aspaldi gaindituta egonda ere, ez da hasteko borondatearen zantzurik atzematen.
Hezkuntza Sailak Akordio Laboralean hartutako konpromisoak bete behar ditu, eta ikastoletako langileek borrokan jarraituko dute Hezkuntza Sailak dagokiena eman arte. Hezkuntza Sailak bere hitza bete arte mobilizatzen jarraitzeko konpromisoa du LABek.
> Argazki galeria:



















