EAEko Ikastolak: Hezkuntza Sailak hitzartutakoa bete gabe jarraitzen du

479

Hezkuntza Sailak LABekin sinatutako Akordio Laboralean, ikastoletarako atalean adostutakoa bete gabe jarraitzen du. Horren aurrean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako langileek egoera salatzeko iaz hasitako mobilizazioei segida emango diote ikasturte honetan ere.

2023ko ekainaren 1ean sinatu zuten Hezkuntza Sailak eta LAB sindikatuak Akordio Laborala.

Honek, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sare guztietako langileengan eragina izango zituzten neurriak adostu eta jaso zituen.

Ikastoletako langileei zegokion atalean, jasotako neurriak, egun, bere osotasunean bete gabe daude. Alde batetik,Ikastoletako langileen eta sare publikoko langileen arteko soldata parekatzea adostu bazen ere, parekatze hori ez da langile guztiengan gauzatu.

Bestetik, egin beharreko homologazioaren inguruko azterketari dagokionez, ezarritako epeak aspaldi gaindituta egonda ere, ez da hasteko borondatearen santsurik atzematen.

LAB sindikatuak bere kezka eta haserrea erakutsi nahi du Hezkuntza Saila ez delako betetzen ari Akordio Laboralean Ikastolen eremurako LABekin hitzartu zuena.

Egoera honen aurrean, LABek iazko ikasturtean mobilizazio dinamika abiatu zuen egoera hau salatzeko. Hezkuntza Sailarekin sinatu zuen Akordio Laborala blokeatuta zegoela salatu bazuen ere, esan beharra dago, zoritxarrez egoera hau aldatzeko ez dela inongo aldaketarik eman.

Bere egunean, adierazi bezala, Hezkuntza Sailak akordioa ez betetzeak ondorio kaltegarriak ditu ikastoletako langileengan, lehendik onak ez ziren lan-baldintzen eta eguneroko lanean. Ikastoletako langileek argi adierazi zuten,negoziatzen jarraitzearekin batera, beste ekinbide batzuetara jotzea besterik ez zutela, Hezkuntza Sailak adostutakoa bete zezan.

LABek beti erakutsi du negoziaziorako eta akordioetara heltzeko borondatea, horren adibide dira alde batetik, Hezkuntza Sailarekin sinatutako Akordio Laborala bera, bertan jasotakoa Ikastoletako Hitzarmeneko negoziazio mahaira eramanez, eta hartutako konpromisoak betez; eta bestetik, Ikastolen Elkartea-Partaide eta EIBrekin sinaturiko ikastoletako azken lan-hitzarmena, 2024koa.

Aldaketarik ez eta gaur gaurkoz Akordio Laboralean jasotakoa bete gabe jarraitzeak, mobilizazioekin jarraitzea baino beste biderik ez du uzten, Hezkuntza Sailari exijitzeko Akordio Laboralean sinatu zuena betetzeko: ikastoletako langile guztientzat sare publikoko langileekiko soldata parekatzea eta lan-baldintzen homologazioa gauzatu ahal izateko azterketari ekitea, behingoz. Blokeoa gainditu eta Hezkuntza Sailak bere konpromisoak bete behar ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ikastoletako Lan-Hitzarmenean, Akordio Laboralean adostutako neurriek isla izan dezaten. Hezkuntza Sailak neurri horiek guztiak martxan jar daitezen hitzeman zuen bitartekoak jarri behar ditu mahai gainean.

Horregatik, LABek irmoki exijitzen dio Hezkuntza Sailari sinatu zuen Akordio Laboralean agindu zuena eta jasota dagoena bete dezan.

Ez da onargarria igaro den denbora honetan inongo aurrerapausorik egon ez izana; ez da onargarria sinatutakoari ez heltzeagatik, ikastoletako langile batzuen lan-baldintzak ez hobetzea; ez da onargarria, eta ez dugu onartuko! Horri guztiari irtenbidea bilatu arte LABek egoera salatzen jarraituko du eta ikastolei dagokiena eskatzen jarraituko du, mobilizazioen bidetik.

Negoziaziorako erakutsi dugun prestutasun eta gaitasun bera erakutsiko dugu mobilizatzeko.

Dagokiguna gauzatu dadin BORROKATZERA GOAZ.

LABen ez gara geldi egongo ikastoletako langileen lan-baldintzak nola okertzen diren ikusten. Behar den leku guztietatik, Hezkuntza Sailak LABekin hartu zituzten konpromisoak oraindik betetzeke dituela salatuko dugu.

Beraz, LABek Ikastoletako langileei dei egin nahi die Hezkuntza Sailari Akordio Laboralean hartu zituen konpromisoak martxan jarri eta bete ditzan exijitzeko.

Era berean, Hezkuntza Sailari adierazi nahi dio hitzen garaia aspaldi amaituta, ekintzen ordua badela eta bestela aurrean izango gaituela. Horren adibide, gaurko egunez, urriak 27an, Hezkuntza Sailaren Bizkaiko egoitza aurrean burutu dugun mobilizazioa.

LABek dei egiten die Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ikastoletako langile guztiei haien ahotsak gureekin batu ditzaten argi eta ozen esateko: parekatzea langile guztientzat eta lan-baldintzen homologazioaren azterketa orain!

Aspaldikoak gara eta urrunera goaz!

> Argazkiak:

2025-10-27_LAB_Ikastolak_EU