EAEko Hezkuntza Sailak ordezkapenen esleipenen prozesuaren anabasa salatzen du LABek

392

Astelehenean, irailak 5, EAEko irakasle eta heziketa bereziko ordezkagaiek bazuten aukera esleituriko lanpostua ezagutzeko. Ordezkagunearen bidez egin behar zuten, baina “arazo teknikoak” aitzakiatuz, EAEko Hezkuntza Sailak bertan behera utzi zuen prozesu osoa, gaur, iralailak 7, berriz egin behar zutelakoan adieraziz, ez soilik lanpostua eskuratu ez zutenek, esleitzea lortu zutenek ere.

Gure ustez, Hezkuntza Sailak ordezkogaiekin erakutsi duen mespretxua onartezina da, izan ere administrazioaren kudeaketa txarraren erruz, ezin izan zuten zegokien lanpostua eskuratu. Ez da esleipen prozesuan arazo teknikoak gertatzen diren lehen aldia; beraz, aurreikuspenez eta denbora gehiagorekin jokatzea exijitzen diogu Hezkuntza Sailari: IKASTURTE HASIERAKO ORDEZKOEN ESLEIPENA LEHENAGO EGIN BEHAR DA!

Lanpostuak lehenago esleitu behar dira eta ordezkogaiei ordu gehiago eman behar zaizkie lanpostuak aukeratzeko.

Kudeaketa oker honen ondorioz, antolakuntza-arazo larriak sortu ditu Hezkuntza Sailak ikastetxeetan; eta beste behin ere, ordezkogaiek, klaustroek eta ikasleek pairatuko dituzte ondorioak. Bihar, ikasle asko eskolara itzuliko dira eta ez dute irakasle eta hezitzailerik izango.

ADIERAZI DIEZAIOGUN ESKOLAZ ESKOLA HEZKUNTZA SAILARI GURE DESADOSTASUNA!