EAEko hezkuntza akordioak ezarritako testuinguru berrian, martxoaren 25eko greba bertan behera

675

Martxoaren 18an Legebiltzarrean, gehiengoak itunduriko hezkuntza akordioak ezarri duen testuinguru berriaren aurrean, Martxoaren 25erako beste sindikatuekin batera deituriko greba bertan behera geratzen da. Orain, akordioa zehaztasunez aztertu eta balorazio orokorragoa egingo du LAB sindikatuak. Langileekin bileretan landu eta gure aldarrikapenak lortzeko beharrezkoak izango diren borrokarako dinamika berriak planteatuz.

EAEko hezkuntza akordioari begira, euskal eskola publiko komunitarioa sortzeko konfluentzia ipar, LAB sindikatuak proposamen orokor nahiz laboralak biltzen dituen Dekalogoa aurkeztu zuen hala Legebiltzarrean nola ikastetxeetan.

Otsailaren 8an Ponentziako batzorde buruak aurkeztutako zirriborroak egindako proposamenak aintzat hartzen ez zituela ikusita, LAB gainontzeko sindikatuekin jarri zen harremanetan, elkarrekin partekatzen ditugun gutxienekoak jasotzen dituen aldarrikapen taula publiko eginez: “Publikoa, euskalduna eta propioa helburu. Hezkuntza Legea langileokin eraiki”. Lortutako adostasunak balioan jarri nahi ditugu, egun toki ezberdinetan gauden arren. Hala ere, Hezkuntza Legea idazteko bide luze honetan, intersindikalean lortutako aldarrikapenak oinarri, batasun sindikalaren alde egingo dugu.

Mobilizazio dinamika bateratua abian jartzea erabaki genuen, besteak beste, martxoaren 25erako hezkuntza sistema osoari begirako greba deialdia eginez. Gure helburua, aukera historiko baten aurrean gaudela jakitun, hezkuntza akordioa eta legea osatzeko prozesuan langileok aintzat hartu eta gure aldarrikapenak jasotzeko eragitea zen.

Aurreko astean alderdi politikoen artean hartu-eman andana izan zen eta, ostiralean, lau alderdik osatutako gehiengo zabal batek akordioa lortu zuen. Negoziazioen emaitzak sakon aztertu behar ditugu, testu berriak aurrera pausu batzuk eta gabeziak izan ditzakeelakoan. Eduki berriak eta horiekiko LABen ikuspegia langileekin ikastetxez-ikastetxe eta bihar eskualdeetan burutuko ditugun bileretan partekatuko ditugu.

Orain arte ez da ireki gai hauen inguruan sindikatuokin mintzatzeko biderik eta legearen erredakzioa egin aurretik, hezkuntza langileei begirako neurriak adosteko prozedura abian jartzea ezinbestekoa da LABentzat.

Gauzak horrela, hezkuntza akordioa zehaztasunez aztertu eta balorazio orokorragoa egingo du LAB sindikatuak. Langileekin bileretan landu eta gure aldarrikapenak lortzeko beharrezkoak izango diren borrokarako dinamika berriak planteatuz.