EAEko Heziketa Bereziko abenduaren 1eko mahai negoziatzailearen Infoa

401

Aurreratu genizuen bezala, atzo, kontsolidazio LEPari buruzko mahai negoziatzailea izan genuen. Gure ekarpen guztiak helburu argien baitan egin genituen: lanpostuen eskaintza legeak ahalbidetzen duen %10a igo behar da, euskara gehiago baloratu behar da eta lanean dauden ahalik eta langile gehien egonkortu behar dira.

Oinarrietarako LABen irizpideak argiak dira:

  1. Publikoan egindako lan esperientzia erabakigarria izan behar da. 2. LEP prozesuren bat gainditu izana saritu behar da.
  2. Perfilik gabeko lanpostuetan euskara ere baloratu behar da.
    Eskaintza %10a igotzeko LAB sindikatuak egindako ekarpena aztertuko dutela adierazi zitzaigun. Igoera sortutako HLEtan jardun osoko bakanteen kopuruaren gaineko azterketaren baitan egingo dute. Beraz, eskainiko diren lanpostuen kopuruan igoera egotea espero dugu.
    Jaurlaritzako funtzio publikotik negoziatzeko aukera moztu dute, lan esperientzia 60 puntura mugatuz.
    Gure desadostasuna adierazita eta deialdia ez dugula babestuko argi adierazi bagenuen ere, jokoan langileon etorkizuna dagoela kontuan izanik, arduraz jokatzeko hautua egin genuen. Administrazioa langileak egonkortzeko formulak bilatzera estutu genuen. Horrela, lan esperientzia espezifikoa, hau da, Hezkuntza sailako heziketa berezian egindako lana, gehiago saritzea lortu dugu. 50 puntu esperientzia espezifikoari ematea eta 10 esperientzia orokorrari. Bestelako merezimenduetan, aktiboan dauden langileak saritzeko formulak aztertu genituen.
    Hizkuntza eskakizunaren harira beste sindikatuak eta hezkuntza saila interpelatu genituen. Dakizuen bezala, HLEtan 57 lanpostu aterako dira hizkuntza eskakizunik gabe. Erantzukizunez jokatzeko eskari argia egin genuen LABetik. Kolektiboa euskalduntzeko beharra adierazi genuen. Horretarako, lanpostu hauen merezimenduetan euskara gehiago saritzeko proposamena luzatu genuen. Horrez gain, lanpostu hauek beteko dituzten langileak euskaldunak ez badira, haiek euskalduntzeko planak zehaztu behar direla adierazi genuen, gerora lanpostuen hizkuntza eskakizuna aldatu ahal izateko. Gaia aztertzeko geratu zen
    Desgaitasuna daukatenentzako lanpostuak gordetzeko txandaren inguruan ere jardun gara. Hezkuntza saila inkesta egiten ari da jakiteko bide hau erabili dezaketen zenbat langile dauden aktiboan gaur egun. LABetik ikerketa honetan parte hartzeko gonbita egiten dizuegu, negoziazioan baliagarria delako.
    Etengabeko prestakuntzari garrantzia ematea ere eskatu genuen, baita berritzeguneetan egiten diren ikastaroak kontuan hartzea ere.
    Gai asko itxi gabe eta aztertzeke geratu ziren, beraz, salatu nahi dugu negoziatzeko era hau eta argi izan, guk ere, azken momentura arte presionatzen jarraituko dugula.
    Abenduaren 5etik 11rako asteko norberaren eginkizunetarako baimenak ez ordezkatzeko erabakia hartu du hezkuntza sailak alde bakarrez.
    Administrazioak egun horietako lan egunei dagozkien egunak ez dituela ordezkatuko argitaratu du ohar baten bidez. Gogor salatu dugu erabakia gaurko mahaian eta alde sozialarekin negoziatu beharra adierazi dugu.

    Gizarte eta formakuntza funtsa behin betiko ebazpena argitaratu dute Hezigunean.