EAEko Heziketa Berezia: Ordezkapenak betetzeko arazoen aurrean proposamenak egin ditugu

294

LABetik hainbat proposamen zehatz helarazi dizkiogu Hezkuntza Sailari ordezkapenekin ematen ari den arazoari irtenbide emateko, egoeraren berri izan genuenetik.


LABetik hainbatetan salatu dugun moduan, ordezkapenak betetzeko arazo larriak ditugu ikasturte hasieratik; alde batetik Ordezkagunean ez direlako eskaintzak hartzen eta bestetik, Hezkuntza sailak arazoei aurre egiteko duen erreflexu faltagatik. Ordezkapenak ez betetzeak arazo larriak sortu ditu langile eta ikasleengan eta muturreko egoerak bizi izan dira eskola askotan.

Urriaren 21ean LABetik hainbat proposamen zehatz bidali genizkion Hezkuntza sailari arazo honi lehenbailehen irtenbidea emateko:

  • Ordezkagune plataforma 2025eko lan hitzarmenari egokitzea eta ematen diren akats informatikoak konpontzea.
  • Ordezkoen zerrendetan dauden hautagaien egoeren azterketa sakona egitea: zenbat dauden lan egiteko prest, zenbat dauden ez lan egiteko prest, zeintzuk dauden penalizatuta eta ea penalizazioa modu egokian ezarri zaien.
  • Indarrean dauden penalizazioak behin behinean bertan behera uzteko aukera aztertzea.
  • Lanpostu hutsak betetzeko bitarteko kontratu erdi guztiak (bakanteak) osora pasatzea. Hitzarmenean sinatu dugun bezala erdian dauden lanpostuak osora plazatzeko plana adostea. Era berean, indarrean dauden jardun erdiko ekoizpen arrazoiengatiko kontratuak jardun osora pasatzea.
  • Jardunaldi murriztuko ordezkapenak metatu ahal izatea langileen jarduna luzatzeko eta hezitzaile batek ordezkapen desberdinak egin ahal izatea.
  • Adinagatiko murrizketak metatu ahal izatea eta ikasturte hasieran edo bukaeran disfrutatu ahal izatea.

Urriaren 22an izan genuen mahai parekidean gure proposamenak berriro mahaigaineratu genituen eta mahaiaz geroztik, nahiz eta Hezkuntza sailak aplikazio informatikoaren berrikuspena egin (detektatu dituen arazoak konpondu eta penalizazio egoeran zeuden langileei penalizazioa kendu), ordezkapenak betetzeko arazoak bere horretan dirau.

Pasa den astean administrazioaren aldetik arazoari aurre egiteko proposamen berri bat jaso genuen; besteak beste, maila baxuagoko Hizkuntza eskakizun batekin ez-ohiko zerrenda irekiera proposatu zuten.

Dokumentua aztertu eta gero, berriro LABen ekarpenak txertatu genituen, urriak 21ean egin genuen bezala, eta proposamen hori baztertu, behintzat guk proposatutakoak onartu arte. Langileen eskutik jakin genuen PTak kontratatzen hasi direla. Honek langileen artean gaizki-ulertuak eta arazoak ekarri ditu eta ordezkapenak betetzeko dagoen arazoak konpontzeke jarraitzen du.

LABek salatu du Hezkuntza Sailak alde bakarrez hartutako erabakia izan dela. Argi dugu ez dela balizko irtenbidea eta erabili izan duten prozedura ez dela batere egokia izan. Ezinbestekotzat jotzen dugu langileei eragiten dien edozein erabaki hartu aurretik alde soziala entzun eta elkarlanean adostea.

Egoera honen aurrean adierazitako desadostasunaren ondorioz, herenegun azken orduan datorren asteko mahaian landuko ditugun neurrien proposamen berria helarazi zigun Hezkuntza Sailak. Neurri horien artean, LABek urriak 21ean egindako beste proposamen batzuk aintzat hartzeko asmoa duela adierazi digu. Azalpen hauek eman dizkigu bide batez:

  • Aplikatiboaren azterketa: sistemak ez ditu “forzosak” ematen zerrendetan disponible dauden gutxi horiek irakasleak direlako eta lanean daudelako irakasle zerrendetan. Zerrendak agortuta daude. Zerrendak irekita ditugu egunero eta apuntatzen direnak egunean barematzen ditugu.”
  • Jardunaldi murriztuetako ordezkapenak metatzea: funtzio publikoari eskaera luzatu diogu eta seguruenik aste honetan argi berdea jasoko dugu hori posible izateko. Uste dugu neurri hau aplikatzean arazoaren zati handiena konponduko dela.
  • Adinagatiko jardun murrizketak metatzeko aukera: kasu honetan ere adierazi dugu horren aldekoak garela eta proposamena bidali dizuegu.
  • Zerrenden ez-ohiko irekiera: proposatu dizuegu zerrendak ez-ohiko moduan irekitzea titulazioak gehituta edo euskara maila B2ra jaitsita.
  • Zerrendetan daudenei telefonoz deitzea: Araban zerrendetan dauden pertsona guztiei telefonoz deitu zaie.

Horrez gain, zerrendan dauden hautagaiek esleitutako lanpostu bati ikasturtean behin bakarrik uko egin ahal izatea proposatzen dute. LABetik proposamen hau aztertzen ari gara.

Bukatzeko LABetik argi dugu ordezkapenekin sortzen diren arazoei irtenbidea eman behar diotela, langileen lan baldintzak hobetze aldera eta ikasle guztien hezkuntza eskubidea bermatuz..

Beraz, ahalik eta lasterren indarrean dauden jardun erdiko bakante eta ekoizpen kontratuak osora pasa behar dira, eta neurri hau martxan jarri dezaten eskatzen jarraituko dugu. Aldagai honi ez diote erantzun eta plantillak esleitzeko irizpideen negoziazioari ez diote eutsi.

Guzti hau lortze aldera, lanean tinko jarraituko dugu.

Edozein zalantza izanez gero, jarri LAB Sindikatuarekin harremanetan.

INFO-251113-ORDEZKAPENAK