Atzo, azaroaren 18an, Lan Legepeko irakasle eta hezitzaileen mahai negoziatzailea izan genuen, nahiz eta eduki batzuk mahai parekidekoak izan.
Ezinbestekoa da Hitzarmenaren sinatzaileek (LAB-STEILAS-UGT) parte hartzen duten mahai parekideak edukiz bete eta Lan Hitzarmenaren garapenean urratsak ematea. LABen lanean gaude akordioa bere osotasunean betetzeko eta helburu horrekin negoziatzeke dauden eduki guztien inguruan proposamen zehatzak egiten.
Atzoko mahaian hainbat gai jorratu genituen:
> Ordezkapen arazoak
Ikasturte hasieratik ordezkapenekin dagoen arazoari irtenbidea emateko LABetik, hainbat proposamen egin badizkiogu ere Hezkuntza Sailari, egindituen sindikatu bakarra izan gara. Sailak irtenbidea adostu beharrean, luzapenetan eta aldebakarrez aritu daeta egoera kritikoa izatera iritsi da.
Izan ere, aurreko astean Hezkuntza Sailak aldebakarrez erabaki zuen PTekin Hezkuntza Laguntzako Espezialisten ordezkapen batzuk estaltzea. Argi adierazi dugu LABentzat hau ez dela balizko neurri bat eta arazoari irtenbidea traketsa emateko inprobisazio hutsa izan dela. Neurri honek hezitzaileen eta irakasleen artean zalantzak, haserreak eta ezinegonak sortu ditu.
Mahaian neurri hau nola aplikatu den eta lanpostuak zein baldintzetan eskaini diren inguruko azalpenak eskatu ditugu. LABetik guzti honen jarraipen zorrotza egingo dugu, langileen eskubideak babesteko behar besteko neurriak hartuz.
Bestalde, LABen ekarpenetako bat ordezkapenak metatzeko aukera zabaltzea izan da hasieratik. Gure zerbitzu juridikoekin kontrastatu eta gero argi dugu neurri hau aplikatu daitekeela eta atzoko mahaian horrela adierazi genuen. Atzokoan administrazioak bide hau arakatzen ari zela esan zigun.
Adinagatiko murrizketa metatzea izan zen LABen beste proposamenetako bat. Neurri hau ezartzea onartu dute baina ikasturte honetan jada ez da posible martxan jartzea eta hurrengo ikasturtetik aurrera aplikatzea aurreikusten dute.
Aurreko INFOan adierazi genuen bezala ukoen inguruko beste proposamen bat jaso genuen administrazioaren aldetik, ordezkoek justifikazio barik esleipenari uko bat egiteko aukera izatea eta ez orain arte bezala bi. Bi aldiz uko egiteko aukerak ordezkapenak betetzeko prozesua asko luzatzen du.
Atzoko mahaian honen inguruko akordio dokumentua ekarri ziguten eta LABetik babesa eman badiogu ere, lan hitzarmenaren aldaketa denez gehiengo sindikala behar da eta atzoko mahaian hau ez zenez eman, ez zen aldatu.
LABetik argi dugu arazoa estrukturala dela eta honi lehenbailehen eta modu iraunkorrean irtenbide emateko hartu behar diren erabakiak eta inplementatu behar diren neurriak hainbat direla, hau barne. Izan ere, helburu horretan oinarritu ditugu une oro egin ditugun ekarpenak, neurri guztiak uztargarriak eta eraginkorrak direlako.
Jardun erdiko lanpostu hutsak (bakanteak) eta ekoizpen arrazoiengatiko kontratuak osora pasatzea berriro ere mahaigaineratu genuen baina administrazioak proposamen hau ez du momentuz kontutan hartu arazo zehatz honi aurre egiteko atea itxi ez badio ere.
Lan Hitzarmen berriaren 17. artikuluan jasotzen den bezala, lanpostuen egonkortzerako lanaldi erdiko plazak lanaldi osoko plazak bihurtzeko planaren negoziazioa abiatu behar da, pairatzen ari garen arazoari irtenbidea emateko neurri egingarri eta baliagarria izan daiteke.
> Ordutegia eta lan pertsonaleko tartea
Gai honen inguruan ere hitz egin genuen atzokoan. Mahaian argi eta garbi gelditu zen, jardunaldi zatituaren kasuan lanaldiaren etenaldia goizeko jarduna bukatzen denetik arratsaldeko jarduna hasten denera arte bakarrik eman daitekeela. Beste motatako etenaldirik ezin da egon ordutegi barruan.
> Zentroen atxikipena
Lan hitzarmenean sinatu genuen bezala administrazioak langileen ordezkariekin negoziatu behar ditu langileak ikastetxeetako egiturazko baliabide bilakatzeko prozedura.
Atzokoan honi hasiera emateko hainbat datu eman zizkiguten eta hauek arretaz aztertu behar ditugu LABetik. Administrazioak hurrengo mahaira proposamen osotua ekartzeko konpromisoa hartu du.
> LEP eta Lekualdatzea
Lan Hitzarmenean jasotzen denari jarraiki, LEP prozesuak burutu behar dira hiru urtetik behin, behin behinekotasuna %5etik behera mantentzeko.
Galdetu bagenuen ere, ezin izan ziguten gaur egun dagoen behin behinekotasun tasaren datu zehatza eman, helaraziko digutela esan zitzaigun. Hezkunta Sailak atzokoan adierazi zigun 2026 urterako aurreikusten duela LEPa gauzatzea.
Argi adierazi genuen LEPa gauzatu aurretik lekualdatze lehiaketa eman behar dela. Lan Hitzarmenean zehazten da gainera, urtero langile finkoen lekualdatzea gauzatuko dela. Bi prosezu hauen negoziaketarekin hasteko konpromisoa hartu du admnistrazioak eta hurrengo mahaietan lantzea aurreikusten da.
Hala eta guztiz ere, prozesu hauek abiarazi aurretik hainbat negoziazio itxi behar dira, besteak beste plantillak esleitzeko irizpideak, lanpostuak osora pasatzeko plana (LEP prozesuetan ezin baitira jardun erdiko lanpostuak eskaini) eta ikastetxeetako atxikipenak. Horretan ari gara LABen burubelarri.
> Birbaremazioa
Gai honen inguruko informazioa eskatu genien eta oraindik ez dagoela data zehaztuta esan ziguten. Berririk izatean jakinaraziko dizuegu.
> Bestelakoak
Bestalde, gaur goizean eskoletako zuzendaritzetara Eusko Jaurlaritzako kudeaketa ekonomiko zuzendaritzatik bidalitako zirkular baten berri izan dugu.
Zirkular honek dio: “ikastetxeek menu-eskaerak erregularizatu beharko dituzte, eta Hezkuntzako Laguntzako Espezialistak mahaikideen zenbaketatik kanpo utzi beharko dituzte, ez baita aurreikusten menuaren kostua ordaintzea, ezta bazkaltzeko denbora ere”.
Zirkular hau juridikoki aztertzen ari gara bestelako jarraibideekin talka egiten duelako.
Heziketa bereziko kolektiboaren hitzarmena garatzeko lanean jarraituko dugu.
INFO-2025-11-19-Heziketa-Berezia-1


