EAEko Heziketa Berezia: Hezkuntza Sailak negoziazio kolektiboa zapuztu eta Lan Hitzarmena aldebakarrez aldatu du

164

Hezkuntza Sailak beste behin ere, agerian utzi du negoziazio kolektiboarekiko duen konpromiso falta. Ekainaren 26an argitaratutako ebazpenaren bidez, alde sozialarekin adostu gabe erabaki ditu 2026-2027 ikasturterako adinarengatiko murrizketa ereduak, mahai negoziatzaileetan egindako lana eta langileen ordezkarien ekarpenak bazterrean utzita.

> Adinarengatiko murrizketak

Dakizuen bezala, hilabeteak daramatzagu adinarengatiko murrizketaren inguruan lanean. Zuekin izandako foro desberdinetan partekatu dugun bezala, guk argi izan dugu gure kolektiboak jasaten duen lankargagatik, murrizketa disfrutatzeko hiru aukerak izan behar dituela. Eguneko murrizketa, urteko metaketa eta urte anitzekoa.

Maiatzak 8an izandako mahai negoziatzailean mahai gainean egon ziren hiru aukera hauek administrazioaren onarpenarekin. Dokumentua ez genuen sinatu, testuan akats batzuk zeudelako. Administrazioak akats horiek zuzendu eta hurrengo egunetan akordioa erdiesteko Mahai Negoziatzailea deitzeko konpromisoa hartu zuen.

Hurrengo Mahai Negoziatzailea ekainaren 11n deitu zuen Hezkuntza Sailak. Mahai Negoziatzailearen deialdiarekin batera, dokumentazioa jaso genuen. Gure harridurarako, 60 urtetik gorako langileen murrizketaren akordio proposamena aldebakarrez aldatu zuen administrazioak. Gauzak horrela, adinagatiko murrizketaren bi aukera soilik jasotzen zituen akordio proposamen berriak, azken mahaian hartutako konpromisoak hautsiz. Hori gutxi balitz, Hezkuntza Sailak ekarpenak egiteko aukerarik eman gabe negoziazioa itxitzat ematen zuela adierazi zigun. LABetik, administrazioaren aldebakarreko jokabidea salatu genuen eta ekarpenak egin eta negoziazioarekin jarraitzeko borondatea adierazi genuen beste behin ere.

Administrazioak, aldiz, ekarpenak jaso eta negoziatzen jarraitu beharrean, azkeneko proposamen itxia helarazi zigun, bigarren aldiz aldebakarrez akordio proposamena aldatuz eta Negoziazio Mahaia inposatutako dokumentua sinatzeko sindikatuon prestutasunari lotuz eta negoziazio kolektiboa edukiz hustuz. LABetik maiatzaren 8ko Negoziazio Mahaiean hitz egindakoan berretsi ginen baina negoziazioari jarraipena emateko prestutasuna adierazi genuen. Aldiz, Sailak langileen ordezkarien iritzia entzungor egin eta aldebakarrez erabaki du araudia ezartzea, ebazpena argitaratuz. Administrazioak Lan Hitzarmeneko 68. artikulua aldatu du, dagokion negoziazio eta adostasun prozesua errespetatu gabe.

Onartezina da adostasunak inposaketen bitartez bilatu nahi izatea. Jokabide hau tamalez, ez da isolatua, behin eta berriz errepikatzen den jokaera bat baizik. LABetik ikasturte osoan zehar salatu dugu Hezkuntza Sailaren jarduteko modua: mahaietan landutakoa aldebakarrez aldatzea, adostutako edukiak berridaztea, informazioa tantaka helaraztea eta negoziazio kolektiboa sistematikoki oztopatzea. Ekainaren 26ko erabakiak muturreraino eramaten du joera hori, administrazioak negoziazio prozesua behin betiko alboratu eta bere erabakia inposatu. Honen aurrean LABetik bide guztiak aztertzen ari gara, juridikoa barne.

LABetik lanean jarraituko dugu, negoziazio markoak aldarrikatuz eta adostutakoa betearaziz. Eta horretarako gure eskura dauden bide guztiak jorratuko ditugu.

INFO-26-07-01-1