EAEko Gizarte Ekimeneko patronalak ez dira birkokatze-konpromisoa betetzen ari

491

2019an, Gizarte Ekimeneko patronalek —Kristau Eskola, AICE-IZEA—, eta ELA, STEILAS eta CCOO siindikatuek, korrika eta presaka, ondoren hitzarmena izango zenaren oinarria sinatu zuten. Batzuentzat historikoa izan omen zen momentu hura, baina LABek orduan adierazi zuen bezala, akordio horrek ez zuen betetzeko bermerik.
Momentu horretan, eta ondoren ere, LABek behin eta berriro esan du akordio hark ez zuela nahiko berme beteko zela ziurtatzeko; langileak nahieran kaleratu eta kontratatzen ohituta dauden patronal hauekin ezin zela sinatu langileen birkokapena borondate onaren esku uzten zuen prozedura bat. Zoritxarrez, denborak eta gertakariek arrazoia eman digute.
2019-2020ko ikasturte amaiera langileak birkokatzeko araudirik gabe iritsi zen, eta hainbat langileren lanpostuak suntsitu eta kaleratzea diru publikoz ordaindu zitzaien. LABek honen inguruko datuak eskatu arren, ez dizkigute pasatu nahi izan. 2019an akordioa sinatu zuten Kristau Eskola, AICE-IZEA, ELA, Steilas eta CCOOk 2020ko abendurako birkokatze lan-poltsa baten prozedura adostua izango zutela jaso arren, 2021. urteari ere prozedura adostu gabe ekin diogu, akordioa beste behin urratuz.
Gainera, egoera geroz eta korapilatuago dagoela dirudi, patronalekin egiten ari diren bileretan, kontratazio gardenerako borondaterik ez dutela, eta kontratatu nahi dituzten langileen perfilak puztuko zituztela konturatzen ari omen dira orain.
LABentzat onartezina da hau, diru publikoa erabiltzen duten patronalek beraiek nahi dituzten langileak kontratatzen dituzte, aukera berdintasunaren printzipioz urratuz; ez hori bakarrik, matrikulen jaitsiera dela eta, kaleratzen dituzten langileak ere doan ateratzen zaizkie. Benetan negozio borobila dute!
Egoera gogorra da Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetan. Mahai gainean, badugu jada Bilboko Hijas de la Cruz ikastetxearen itxiera, zeinaren ondorioz 33 langile kaleratuko diren ikasturte bukaran. Eta ez da azkenengoa izango. Aurreko ostiralean bukatu den matrikulazio epeak ez ditu zenbaki onak aurreikusten.
Ezin da egoera honetan gehiago jarraitu, langileen birkokapen prozedura sendoa, gardena eta berdintasun oinarria errespetatzen duena behar dugu. Hori dela eta, LABek aldeei dei egiten die langile guztien birkokapena bermatuko duen prozedura bat berehala adostu dezaten, ezin baita beste ikasturte bukaera bat itxi birkokatzeko prozedurarik gabe.
LABek, akordioa betetzen ez dela-eta, egoera aztertuko du eta mobilizatuko gara birkokapen prozedura erreala, gardena eta berdintasuna errespetatzen duenaren alde.
LANPOSTUAK BERMATUKO DITUEN BIRKOKAPEN PROZEDURA BATEN ALDE!