Gizarte Ekimeneko ikastetxeak: patronalei eta ikastetxeei galdegin diegu greba amaierako akordioa betetzea eta hitzarmenean txertatzea

561

Elkarretaratzea egin dugu gaur Zornotzako El Carmelo ikastetxean Kristau Eskola patronal nagusiak antolatutako ikasturte berriaren hasierako ekitaldian

14 greba egun eta mobilizazioen ondorioz, Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu zuten Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako mahai negoziatzailean ordezkaritza daukaten patronalek eta sindikatu guztiek. 2024Ko Otsailaren 5ean izan zen. Akordioa indarrean dago eta langileek akordioa bete dute. Horrela, greba bertan behera utzi zuten sinatu zen egunetik. Akordioa sinatu eta 19 hilabetera, patronalek eta ikastetxeek ez dute akordioa bete.

Sindikatuen ekimenez 16 bilera egin diren arren, Greba Amaierako Akordioan sinatutakoa berriro negoziatzeko saiakeran dabiltza patronalak, eta oztopoak jartzen ari dira bertako edukiak adostutako baldintzetan hitzarmenean txertatzeko. Patronalak fede txarrez jokatzen ari dira, GAAn sinatutako hainbat alderdi behin eta berriz urratzen baitituzte.

Eduki batzuk, ez dira bete, hala nola, soldaten kasuan: 2025eko urtarriletik aurrera ez diete %16ko soldata-igoerari eutsi DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketako langileei, nahiz eta akordioak horrela behartzen dituen eta, % 15,43ra murriztu diete. Ikastetxe gehienetan ez dira aplikatzen ari GAAn adostutako ordu 1eko eskola-ordu murrizketa, ikastetxe askotan lanpostuak sortzea eta beste batzuetan kaleratzeak saihestea ekarriko lukeena. Eta ez da finantzazio arazo bat hori aplikatzen ari diren ikastetxeak daudenean, borondate faltaren arazoa da.

Hori horrela, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek bide judizialari ekin diote jada. Gatazka kolektiboko auzi bat aurkeztu dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, GAA betetzeko eta etapa guztietan eskola-ordu bat murrizteko eta lan pertsonalerako ordu osagarri bat gehitzeko eskatzeko.

Sindikatuek akordioaren eduki bakoitza aplikatzeko eta betetzeko beharrezkoak diren tresnak aktibatuko dituzte, bai bide judiziala, bai GAA gauzatzeko bidezko mobilizazioak.

Gaur bertan, ehun ordezkari inguruko elkarretaratzea egin dute Zornotzako El Carmelo ikastetxean sektoreko patronal nagusia den Kristau Eskolak antolatutako ikasturte berriaren hasierako ekitaldian. Bertan, patronalei eskatu diete Greba Amaierako Akordioa adostutako baldintzetan betetzeko eta hitzarmenean txertatzeko.

Prentsa-oharra_Gizarte_Ekimena_Kristau_Eskola_Ikasturte_hasiera