EAEko 2017ko borroka dinamikak bere fruituak eman ditu: irakasleen kolektiboan lan-hitzarmen berri baterako fasea irekitzea lortu dugu

483

(EAE, Administraziopeko Irakasleak)

Borrokak merezi du. Azken urteetako borroka eta mobilizazioei bide emanez, LABetik konpromiso eta erantzukizunez jokatuko dugu lan hitzarmen eta oposizio berriak adosteko negoziazio mahaietan. Euskal Eskola Publiko Komunitarioa iruten jarraitzeko ataka garrantzitsua dugu parean.

1. LAN HITZARMEN BERRIAREN NEGOZIAZIOA

Bizkaiko eta Gipuzkoako metalean bezala, oraingoan gure txanda iritsi da zaharkituta dagoen lan hitzarmena berrikusi eta negoziatzeko. Urteetan itxita aurkitu dugun atearen aurrean, gaurkoan negoziaziorako bideak zabaldu dira. 2017ko greba dinamiken ondorioz langileon onurarako sinatutako akordioak oinarritzat ezarri dira ikasturte honetan hitzarmen berri bat lortzeko. Testuinguru honetan sindikatu guztiok erakutsi dugu adostasuna 2018ko akordioa oinarritzat hartuz negoziaketa berrietan aurrera egiteko.

Ildo honetan, LAB Irakaskuntzak lehentasun osoz kokatuko ditu erdigunean hezkuntza komunitate osoaren beharrak. Ratioak egokitu, euskara indartzeko neurriak, pedagogia feministan aurrerapausoak, metodologia aktiboak eta proiektuak indartu, formakuntza, langileon eskubideak eta hezkuntza sistema berri bat lortzeko erabateko konpromisoa. Erantzukizunez jokatuko dugu datorkigun erronkaren aurrean. Euskal Eskola Publiko Komunitariora bidean urratsak emateko aukera honetan, nekaezina izango da gure ahalegina.

2. 2020ko OPOSIZIO PROZESUA

Pandemiak 2020ko ekaineko bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako irakasleen oposizioak bertan behera utzi zituen. Ordutik inprobisazio eta alde bakarrean gotortu da Jaurlaritzako Hezkuntza Saila. Martxoan, sindikatu guztiok aho batez oposizio prozesua 2021eko ekainera atzeratzea eskatu bagenuen ere, Hezkuntza Sailak entzungor egin zuen. Horren ondorioz, daten ziurgabetasunean milaka dira oposizioak prestatzen ari diren langileak.

Egoera honen aurrean, LABetik kezka adierazi dugu. Izan ere, aurreikusi daiteke asko izango direla, pandemia eta berrogeialdien ondorioz, oposizioak prestatu eta azterketara ezin aurkeztuko diren irakasleak, horrexegatik, bestelako neurriak baloratzea exijitu dugu. Larria da ikustea egoera honen aurrean Hezkuntza Sailak ez duela aterabiderik proposatu.

3. 2021– 2024 OPOSIZIO PROZESUAK

Hezkuntza Sailak, legealdi honetan, gutxienez 2.600 enplegu publikorako eskaintza egitea aurreikusten duela ere esan zaigu. LABen iritziz, gaur egun ezinbestekoa da oposizio eredua eraldatu eta eskola garaikide baten beharretara egokitzea.

Onartezina da gaur egungo oposizio eredua. Izan ere, ez du bermatzen eskoletan lanpostu finkoa lortzen duten langileak egokienak, prestatuenak eta gure hezkuntza sistemak dituen erronkei hobekien erantzungo dietenak direnik. Madriletik inposatutako gai-orden zaharkitu batzuk buruz ikasi eta erreproduzitzea alde batera utzi beharko litzake, irakaste gaitasuna erdigunean kokatzeko. Anakronikoa izateaz gain, ez da justua eskoletan metodologia eta eredu pedagogiko berriak lantzen dituzten irakasleei zoriz hautatzen diren gaiak modu bulimikoan erreproduzitzea eskatzea.

Horretaz gain, hezkuntza publikoan dugun ezegonkortasun altuaren ondorioz (%40tik gertu gaude) bestelako egonkortze prozesu batzuk ere burutzearen beharra azpimarratu du LABek. Kontsolidazio prozesuak burutzea ezinbesteko ariketa izan behar da urteetako esperientzia eta ezagutza pilatu guztiak merezi duen aitortza izan dezan.

Irakasleen foroa 2020ko ekainean