Aldi baterako irakasle-ikertzaileen ikerketa merituen aitorpena oztopatzen ez jarraitzea eskatu diegu Jaurlaritzari eta EHUko zuzendaritzari

296

LABek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzaren aurrean, aldi baterako EHUko irakasle-ikertzaileen ikerketa-merituak aitortuak izateko eskubidea aldarrikatzeko. Horrela, irakasle-ikertzaileen arteko diskriminazioa salatu du sindikatuak.
Iraunkorrak diren irakasle-ikertzaileek sei urtetan zehar garatutako ikerketa-merituak ebaluatzeko aukera daukate. Meritu horien garrantzia nahikoa bada, ikerketa seiurteko bat aitortzen zaie. Ibilbide akademikotik haratago, aitortutako seiurtekoak soldata osatzeko osagarriak dira. Hala ere, aldi baterako irakasle-ikertzaileei eskubide hau ukatzen zaie, nahiz eta nahiko meritu izan. Izan ere, bi irakasle-ikertzaile, bata iraunkorra eta bestea aldi baterakoa, artikulu berberen egileak badira, lehenak seiurtekoak eska ditzake baina bigarrenari eskubide hau ukatu egiten zaio. Hau langileen arteko erabateko diskriminazioa da.
Araudiak ahalbidetzen du aldi baterako irakasle-ikertzaileek seiurtekoak eskatzea, unibertsitateak horrela onartzen badu. Baina EHUko zuzendaritzak, bere langileen alde egin ordez, bide honi uko egiten jarraitzen du, Jaurlaritzaren presiopean. Azken honek ez du aldi baterako irakasle-ikertzaileei egindako ikerketagatik legokiekeen diru hori esleitu nahi. Ikerketa egiteko eta nazioarteko rankingetan EHU postuak igotzeko estutu bai, baina ordainketak aurrezten jarraitzen dute beren kontura.
LABek urteak daramatza bidegabekeria honen kontra borrokatzen; komunikatuetan salatzen, protesta-ekimenak antolatzen, EHUko gune ezberdinetara aldarrikapen hau eramaten, baita epaitegian salatzen. 2022ko abenduan jasotako sententzia batean, epaileak aldi baterako irakasle-ikertzaileek seiurtekoak eskatzeko eskubidea aitortu zuen eta egindako seiurtekoen 2017ko deialdian aldi baterako kolektibo batzuei irekitzea agindu zuen. Langileen alde eta diskriminazioaren kontra lortutako sententzia hau errekurritu du Jaurlaritzak.
Azaroaren 16an Errektoretza eraikinaren aurrean EHUko zuzendaritzaren erantzukizuna salatzeko egin genuen moduan, oraingoan Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratu gara, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzaren erantzukizuna salatzeko. Izan ere, haien esku dago zuzengabekeria honekin bukatzea. Ez da onargarria unibertsitate publikoaren alde adierazpenak egitea eta, aldi berean, gehien ikertzen duen entitatearen ikerketa diskriminazioan eta prekarizazioan oinarritzea.