Abenduaren 2ko EAEko Hezkuntza Publikoko Irakasleen mahai sektoriala: Hornikuntza, LEPak eta Lanbide Heziketa

977

Gaurkoan Hezkuntza Sailarekin maiatzean sinatutako hornikuntza akordioaren jarraipena egiteko eta EPE prozesuen hainbat gai jorratzeko mahai negoziatzaileak izan ditugu

Langileen hornikuntza akordioa

2022ko maiatzean LABek izenpetutako akordioaren ondorioz lortu zen hezkuntza publikoko irakasleon kolektiboan ikasturte honetan lanpostuei eusteaz ez ezik lanpostu berriak sortzea. Hartara, jaiotze kopuruak jaisten ari diren honetan, aurten 758 gehiago gara eskolan lanean gauden langileak.
Hala ere, Hezkuntza Sailak argi erakutsi du ikasturte honetan ere, bere esku dagoenean gai dela langileen aurkako erabakiak aldebakarrez hartu eta gure lepotik lan kargak handitzekoa. Gauzak horrela, hainbat korapilo sortu ditu Hezkuntza Sailak:
➡️ CurriDigi formakuntza. Lan-orduez gaindi, ordu estrak sartuz, irakasle guztioi derrigorrez eskatutakoa. Onartezina deritzogu horrela ibili behar izatea.
➡️ BEA funtzioak ez zehaztea.
➡️ Hizkuntza Indartzeko irakaslea 3 urteko geletan jartzea.
➡️ HLEn ratioa ez zehaztea.
Berrikuntzako irakasleei dagokionez, 2022ko maiatzeko akordioan funtzio eta eginkizunak zehazteke utzi ziren. Horregatik, LABetik salatzen dugu Hezkuntza Berrikuntzatik inposatutako jarraibideak ez direla egokiak eta negoziatuak izan. Langileen lan zamak bikoiztu ditu eta gainera, LABetik azpimarratu nahi dugu ez diela eskolako beharrei erantzuten.
LABetik premiazkotzat jotzen dugu Sailarekin burutzen diren negoziazio mahaiak edukiz hornitzea. Negoziazio erreala eman dadin eta Sailak ez dezan bere burua zuritu azaleko azalpen hutsak emanez.

LEP prozesuak
Gai honi dagokionez ere, Hezkuntza Saila aldebakartasunaren bidean tematu da. Bada garaia Sailak Madrileko legeria aitzakiatzat erabiltzeari uzteko. Izan ere, orain da momentua langileon beharrei erantzuteko, eta bere eskumenak baliatuz, langileoi dagokigun begirunez jokatzen hasteko.
Bestalde, kidego ezberdinetarako data orientagarriak eta plaza kopuruen aurreikuspenak jakinarazi ditu:
➡️ Deialdia: abenduaren 28an
➡️ Izen ematea: maiatza-ekainean
➡️ Azterketak:
◦ Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako 2023ko iraila-urrian
◦ Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako 2024ko urtarrila-martxoan
➡️ Lanpostu kopuruak
LEP “ez baztertzailea
LEP “ohikoa”:
LABetik meritu-lehiaketarekin egin genuen bezala, deialdi hauetan ere eskatu dugu seme-alaba adingabea zaintzeko zerbitzuak aldi baterako eteteak eta eszedentziek antzinatasunean puntuatu dezatela. Ez daitezen berriz kaltetuak izan zaintza lanetan aritzen diren langileak.

Lanbide Heziketa
Sektore berezietako 10 espezialitateetako merezimendu-lehiaketa abenduaren 12an argitaratuko da.
Bestalde, Hezkuntza Sailak Lanbide Heziketarekiko duen utzikeria salatu izan dugu urteetan eta negoziazio-mahai propioa eskatu. Horregatik, LABetik garrantzia berezia aitortzen diogu abenduaren 22an burutuko den Lanbide Heziketako mahai teknikoari. Izan ere, bertan landuko da lanbide heziketako irakasle teknikoen egoera, Lanbide Heziketako lege berria, euskalduntzeari begira ezarri beharreko erronkak, etab.

Kontuan hartzeko puntuak:
➡️ Aste honetan Hezkuntza Sailak aldebakarrez hartutako erabakia norberaren eginkizunetarako baimena ez ordezkatzeari buruzkoa gogor salatu dugu mahaian. Neurri hau bertan-behera geratzea exijitu dugu eta langileak ordezkatuak izatea.
➡️ 2023/24 ikasturterako esleipenari dagokionez, plazak esleitzeko ezarriko diren irizpideak “lehentasun eskubideari” loturikoak izango dira. Hau da, lehentasuna izango dute lanpostua eskola batean lortzeko aurreko ikasturtean bertan egondako langileek.
Langileoi eragiten diguten erabakiak Hezkuntza Sailak aldebakarrez hartu ez ditzan eta alde sozialarekin negoziatu ditzan, borrokan jarraituko dugu.