(Euskal Herria, Hezkuntza)
Euskaraz ikastea eta Euskara ezagutzea oinarrizko eskubidea da. Euskal herritar guztiok eskubide hori bermatuta izan beharko genukeen arren, gaur egun Hego Euskal Herrian indarrean dauden A, B eta G ereduek ez dute ikasleek euskara eta gaztelera ezagutzea bermatzen, euskara ezagutzeko duten eskubidea zapalduz. Ipar Euskal Herrian, egoera are okerragoa da, frantsesa baita bermatzen den hizkuntza bakarra, euskara familien hautaketaren eskuetan utzita. Kontrara, D ereduan ikasten duten haur guztiek, ordea, gazteleraz edo frantsesez maila ona eskuratzen dute.
Egoera honen arduradun nagusiak Frantzia eta Espainiako estatuak ez ezik, EAEko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ere badira. Madril eta Parisek Hezkuntza Sistema zentralistak inposatzen jarraitzen dutelako, eta Gasteiz zein Iruñeko gobernuek hizkuntza ereduak gainditzeko dituzten eskumenak ez dituztelako erabiltzen.
Gauzak horrela, egun EAEn DBH2ko ikasleen %46 ez dira oinarrizko euskara ezagutzera iristen , Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian egoera are larriagoa delarik. Horrek agerian uzten du ereduetan oinarrituriko sistemak hutsune nabarmenak dituela, D eredua eskaintzeak berez ez baita nahikoa euskalduntzeko, eta eredu bera ere indartu egin behar dela.
Horregatik, LABek hizkuntza ereduak desagertu behar direla aldarrikatzen du, eredu bakarra euskaran murgiltze indartua izanik. Murgiltze eredu indartuan ikasleak dira subjektu eta protagonista eta parte-hartzean eta komunikazioan oinarritutako metodologia behar da. Horretarako, besteak beste, ratio txikiagoak eta hezkuntzako langile guztien inplikazioa, egonkortasuna eta prestakuntza beharrezkoak dira, euskara irakasleak guztiok garelako.
Derrigorrezko hezkuntzatik harantzago euskaraz ikasteko eskubidea larriki urratua izaten ari da Lanbide Heziketan eta ez dago bermatuta unibertsitateetan. Lan mundua euskara berreskuratzeko eremu garrantzitsua izanik, Lanbide Heziketa euskalduntzea ezinbestekoa da, baita unibertsitate-ikasketa guztiak euskaraz egiteko eskubidea bermatzea ere. Ikasle guztiei murgiltze ereduan ikasteko eskubidea bermatzea exijitzen dugu.
Hori dela eta, dei egiten diogu Euskal Herriko hezkuntza komunitate osoari. Euskara bizitzen ari den gainbeherari aurre egiteko, eta gutako bakoitza euskaltzale bat gehiago izan dadin. Era berean, langile guztiok animatzen ditugu seme-alabak euskaraz matrikulatzeko, haien eskubidea delako.
Hizkuntza ereduak gainditu, euskara ezagutu eta euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko ahalegina biderkatzeko garaia da.
Euskalduna izango den Euskal Eskola Publiko Komunitarioa eraikitzen jarraitzen dugu
Murgildu zaitez euskaran, matrikulatu D ereduan.