Patronal nagusiak elkarrizketaren alde egiten duela dioen arren, ez da sindikatuokin harremanetan jarri ere egin azken zortzi hilabetetan.
Gaurkoa, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileriak Lan hitzarmena berritzeko helburuarekin egiten duen hirugarren greba eguna da. Lehenengoa pasa den apirilaren 25ean egin zuten. Eta bigarrengoa atzo, urriaren 17an. Gaurko grebak ere oso jarraipen
zabala izan du, atzokoaren oso antzekoa. Langileriaren ia %70 ingururen babesa izan du beraz. Milaka izan dira Gasteizen egin den manifestaziora gerturatu diren langileak.
Bihar ere greba egingo dute eta abenduaren 11-15 bitarte beste bost eguneko greba deialdia dago erregistratua. Sektore honetan nagusi den Kristau Eskola patronalak elkarrizketaren eta negoziazioaren alde egiten duela adierazi du atzo argitaratuta prensa ohar baten bidez.
Azken negoziazioa mahaia orain dela zortzi hilabete baino gehiago izan genuen ordea, eta apirilak 25ean lehen greba eguna egin genuenetik urriko grebetara bost hilabete baino gehiago pasa dira. Eta denbora guzti honetan mahaian ordezkaritza duten Kristau Eskola eta AICE-IZEI patronalak ez dira sindikatuokin harremanetan jarri ere egin.
Ikasturtea hastearekin bat ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei negoziaketa eskaera berri bat ere helarazi diete; eta Eusko Jaurlaritzari ere bilera eskaera bat luzatu, negoziaketaren blokeo egoeraren berri emateko. Ez dute ez bata ez bestearen erantzunik jaso gaur gaurkoz.
Sindikatuon helburua 2021etik iraungita dagoen hitzarmena lehenbailehen berritzea da. Ez genuke aurreko hitzarmena lortzeko beharrezkoak izan ziren 29 greba egun luze barnebildu zituen dinamika errepikatu nahi.
Aurreko hitzarmenaren aldeko prozesuan argi geratu zen edukiak daudenean adostasunak lortzen direla. Sindikatu nagusi eta patronal nagusi berdinen artean posible izan zen orduan.
Hau horrela, sindikatuok Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei negoziazio erreala ahalbidetuko duten edukiak mahai gainean jartzeko eskatzen diegu. Hitzarmena berritzea posible egingo duten proposamenak landu eta mahai gaineratzeko ere bai.
9.000 langile inguru dira grebara deituak. 200 ikastetxe baino gehiagotan 130.000 ikasle ingururi ematen diote hezkuntza. Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan dituzte.
Euskal Herrian 2023ko urriaren 18an