EAEko irakasleak: jarraipen batzordea

252

2022ko MAIATZAREN 26ko AKORDIOAREN JARRAIPEN BATZORDEA

Gaur 2022ko Maiatzaren 26an sinatutako akordioaren jarraipen batzordea izan dugu, eta gaurkoan, maisu maistren kidegoari dagozkien esleipen datuak ekarri dizkigute; DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa datorren asterako utziz.

Azken egunotan nahasmena sortu duen Hezkuntza Konplexutasun Indizeari (HKI) dagokionez, iazko akordioari esker esleitutako baliabideak mantentzea lortu da, aldez aurretik ikastetxez ikastetxe egin dugun datu bilketaren azterketa eta salaketak horretan lagundu duelarik. Bide batez, hurrengo ikasturtean Hezkuntza Konplexutasun Indizea hobetzeko negoziazioei ateak ireki zaizkio. Zure ikastetxean HKIarekin arazoak izaten jarraitzen baduzue, jarri gurekin harremanetan egoera kudeatu ahal izateko.

Honetaz gain, aurreko urtean sinatutako akordioari esker, 469 figura gehiago izan ditugu 22/23 urtean ikastetxeetan, hala nola, kudeaketan, berrikuntzan eta aniztasunarekiko arretara bideratuta eta datorren ikasturtean 205,5 lanpostu gehiago gehituko dira. Kontuan izan behar dugu 2021/2022 ikasturtetik 2023/2024 ikasturtera, 3755 ikasle gutxiago izango ditugula Haur eta Lehen Hezkuntzan eta horrek akordiorik gabe ekar lezakeen gela galeren aurrean akordioan jasotako ratio-murrizketa aplikatuz HHn 14 gela gehiago eta LHn 53 gehiago izatea lortu dela. Egoera horren aurrean positiboki baloratzen dugu jaiotze tasa jaitsieraren aurrean sinatutako akordioak ekarri dituen lanpostuen mantentzea, baliabide gehigarriak eta lanpostuen gehikuntzak.

Oraindik zehaztu gabe zegoen atzerriko hizkuntzako irakasleen ordu gehiketari dagokionez, datorren ikasturtean Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako maila guztietan aplikatzen hasiko dira. Gogoratu behar dugu ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-proiektuaren arabera hizkuntza-proiektuak indartzeko baliabideak direla hauek.

Bide batez, arreta zuzenari loturiko baliabide gehigarri hauetaz aritzean, LABetik proposatu dugu enplegu publikoaren salbuespeneko eskaintzak pasatzerakoan finkatu gabe geratuko diren hainbat irakasleri soluziobideak topatu behar dizkiogula, beste funtzio horietan irakasle hauek gaitzeko irtenbideak eman eta lanpostu horietan egonkortzeko aukerak aztertzeko.

Aurten gehitu diren berrikuntza figura berriek izan dituzten funtzioen inguruan salaketa egindugu eta honen inguruan balorazio sakona egitea eskatu, figura hauek eraldaketa metodologikorako eta ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-proiekturako figurak izan daitezen. Balorazioa egitea onartu du administrazioak. Izan ere, digitalizazioari soilik lotuta egon ezin den figura bat delako edo aurten ikusi bezala eskoletako gainontzeko proiektuak aurrera eramateko zailtasunak egon daitezkeelako. LABetik berrikuntzako arduradunekin lanketa propioa egin dugu eta hezkuntza sailarekin gure proposamena partekatzeko prest agertu gara.

LABetik positiboki baloratzen dugu gaurko jarraipen batzordea. Lanean jarraituko dugu sinatutako akordioa bete dadin irakasleon lan baldintzak hobetzeko asmoz.

Euskal Herrian, 2023ko ekainaren 6an