[Iritzia] Euskal Eskola, Publikoa eta Komunitarioa

738

Hona hemen Igor Arroyo Leatxe LABeko koordinatzaile orokorrak sinaturiko iritzi artikulua:

Hezkuntzan ere, zapalkuntzaren eta askapen nahiaren arteko soka-tira etengabea ematen da, ardatz desberdinetan eman ere: klasea, arraza, sexu-generoa eta, nola ez, nazioa. Espainia eta Frantziako eliteen asmoa honakoa izan da: hezkuntza sistemaren bidez Euskal Herria asimilatu eta indarrean dagoen sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista iraunaraztea.

Horrela, estaturik gabeko Euskal Herria bezalako herri batentzat estrategikoa izan da hezkuntza arautzeko botere politikoa eskuratu eta hezkuntza sistema burujabea eratzea. Eta, horretarako, garai historiko bakoitzean egon litezkeen aukera guztiak erabili ditugu: Bizkaiko Diputazioak 1919tik aurrera sustatutako auzo eskola publikoak, mugimendu abertzaleak antolatutako gerraurreko euskal eskola eta ikastolak, diktadurako lehen urteetan sortutako etxe-eskolak, 60ko hamarkadatik aurrera herri ekimenez sortu eta Euskal Herri osora zabaldutako ikastolen mugimendua, sare publikoan herritarren bulkadari esker sortutako ikas-lerro eta ikastetxe euskaldunak… Desberdintasunak desberdintasun, saiakera hauen oinarrian bazegoen hezkuntzan (ere) herri bezala autodeterminatzeko borondatea, baita hezkuntza eredua berritzeko nahia ere, hala nola, hizkuntzaren irakaskuntza, curriculuma, pedagogia edota gurasoen parte hartzea bezalako ataletan.

Belaunaldiz belaunaldi emandako soka-tira horren emaitza da gaur egun Euskal Herrian dugun egoera: Hego Euskal Herrian (ez horrela Iparrean) hezkuntza eskumenak bai baina mugatuak; euskarak irakaskuntza-hizkuntza gisa izan duen zabalpen handia EAEn (ez horrela Nafarroa Garaia eta Ipar Euskal Herrian), baina euskalduntze osoa bermatzeko ezintasuna; Euskal Curriculuma garatu eta egiturazko bilakatzeko ahalmena, baina borondate politikorik eza; hezkidetza sustatzeko saiakerak, baina egiturazko androzentrismoa; inklusioaren aldeko mezuak baina herri gisa zatitzen gaituen jatorriaren eta maila ekonomikoaren araberako segregazioa.

Galdera honakoa da: zein dira, garai historiko honetan, hezkuntza sistema burujabe eta askatzaile bat eraikitzeko ditugun erronkak? Ipar Euskal Herrian, Lurralde Elkargoaren sorreraren ondotik, hezkuntza eskumenak aldarrikatzea dagokigu, ikastolen mugimendua sustatuz eta sare publikoan murgiltze eredua aldarrikatuz. Nafarroa Garaian, aldiz, Erregimena pitzatu ondoren ere euskarazko irakaskuntza oztopatzen jarraitzen duten mugak gainditzeko bidea topatu beharko dugu. Euskal Autonomia Erkidegoan, azkenik, euskal eskola publiko eta komunitariorako trantsizioa ahalbidetuko duen hezkuntza legea lortzea da erronka.

Zer da, baina, euskal eskola publiko komunitarioa? Euskal Herrian eraiki beharreko hezkuntza sare burujabea, bakarra, titularitate publiko deszentralizatua eta hezkuntza komunitatearen parte hartzea uztartuko dituena, euskalduna, euskal curriculumean oinarritua, feminista, laikoa, inklusiboa, ikasleen aukera- berdintasunean oinarritua. Ez dugu nahi Frantziako eredu publiko zentralista edota Espainiako trantsizioan Elizarekin itundutako hezkuntza sistema duala. Estatu propio bat eta, beraz, eskola publiko propio bat da nahi duguna, egungo eskola publiko, ikastola nahiz bestelako ikastetxeetatik emandako onena uztartuz: ardura publikoa eta bulkada komunitarioa, euskalduntzea eta inklusioa, berdintasunean hazteko eskubidea eta hezkuntza komunitatearen –familien, langileen zein ikasleen– parte hartzea.

Euskal eskola publiko komunitarioa epe luzeko helburua dela jakitun, trantsizioa egiteko baldintzak ezartzea da Hezkuntza Legeari eskatzen dioguna. Trantsizioa, hezkuntza eskumen mugatuetatik hezkuntza sistema burujabera; euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduetatik euskaldunduko duen murgiltze eta mantentze eredu orokortu eta inklusibora; klase eta arrazaren araberako segregazioan sakontzen duen hezkuntza eredu eta antolaketatik aukera berdintasuna eta inklusioa bermatzen dituenera; bi saretan oinarritutako hezkuntza sistema dualetik sare publiko bakar, burujabe eta deszentralizatu berrira.

Lan baldintzei dagokienez, berriz, legeak oinarri bat finkatu beharko luke, gerora negoziazio kolektiboaren bidez garatuko dena. Ildo honetan, LABek bost xedapen jasotzea proposatu du: eskola publikoetan dagoen lanpostu zerrenda blindatzea; itundutako langileen lan baldintzen homologazio prozedura irekitzea; kontrol publiko eta sindikala izango duen sarbide gardenerako araubidea garatzea; eskola publiko nahiz itunduetan pribatizatutako zerbitzuetako langileen errebertsiorako plangintza egitea eta soldata arrakalarekin bukatzeko neurriak ezartzea.

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lege aurreproiektuan, aldiz, ez da halakorik jasotzen. Trantsizio baterako baldintzak sortu baino, egungo ereduan aldaketa ez nahiko batzuk egitea besterik ez du proposatzen. Burujabetza beharrarekiko ezaxola, euskalduntzeari dagokionez uzkur, eskola publikoarekiko zikoitz, ituntze unibertsalari mugak jartzetik urrun eta Elizako eskolekiko eskuzabal azaltzen zaigu Hezkuntza Saila. Hezkuntza Legearen ibilbidea, baina, ez da amaitu. Badugu aukera eragiteko, euskal eskola publiko eta komunitarioaren bidean ahalik eta gehien aurreratzeko.

Horregatik da ezinbestekoa euskal hezkuntza komunitatea eta zehazki hezkuntza langileak mobilizatzea. Ez elkarren aurka, baizik eta eredu berri baten alde. Uztargarri eginez eskola publikoa indartu, eraldatu eta ardatz bilakatzeko aldarrikapena eta ikastolen mugimenduak egin duen eta aurrera begira egin dezakeen ekarpenaren aitortza. Diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztietan euskalduntzea, euskal curriculuma, hezkidetza, aukera berdintasuna, inklusioa eta laikotasuna bezalako irizpideak bermatuz. Herri gisa zatitzen gaituen segregazioari aurre egiteko egiturazko neurriak eta tokian toki hartu beharrekoak zehaztuz. Hezkuntzan inbertsio publikoa handituz. Hezkuntza sistema deszentralizatu eta tokiko parte hartzea indartuz. Euskal eskola publiko komunitarioa sortzeko konfluentzian aurrera eginez.

https://www.berria.eus/paperekoa/2064/017/001/2022-11-26/euskal-eskola-publikoa-eta-komunitarioa.htm