EAEko Hezkuntza Publikoko irakasleen azken mahai sektorialean Estabilizazio Prozesuak eta Lanbide Heziketa eztabaidagai

525

Uztailetik Hezkuntza Sailaren berri izan gabe geunden horretan, mahai-sektorialerako deialdia jaso genuen azaroaren 18rako. Deialdiak gai zerrenda luzea jasotzen zuen arren, momentu honetan egoera erabat nahastu eta haserrea sortu duten batzuk ez ziren landu: curriculum eta digitalizaziorako formakuntza, soldaten doiketa, Berrikuntza Arduradunaren funtzioak… Lan Hitzarmen berria negoziatzeko egutegirik gabe jarraitzen dugu gainera.
Ostiraleko mahaian LEP ez-baztertzailea eta LEP arruntaren deialdiaren zirriborroa aurkeztu ziguten, eta alegazioak egiteko astebete eskaseko epea eman. Ikusirik merezimendu-lehiaketarako egindako ekarpenetatik bat ere ez zela onartu eta honetarako eman diguten tarte laburra, susmoa dugu honetan ere ez dela negoziazio errealik egongo.
Lehenengo begirada batean, zirriborroan ikus daiteke ez duela zabaltzen LEP eredu berri baterako biderik, ohiko gaitegi eta frogei eutsiz. Salbuespenezkoak diren kontsolidazio prozesuetan LABek etengabe defendatu du lanean ari diren langileak egonkortzeko neurriak behar direla. Horregatik diogu irakasleon kasuan, batetik, oposizio deialdi ez-baztertzaileko plaza kopurua handitu eta prozesu adostu eta erraza izan dadin baldintzak ezarri behar direla; eta bestetik, oposizio deialdi arruntari dagokionez, plaza kopurua handitu eta behingoz eredua aldatzeko baliatu behar dela.

Lanbide Heziketa


Lanbide heziketari dagokionez, Sektore berezietako merezimendu-lehiaketaren deialdia abenduaren erdialdean argitaratuko omen da.
Irakasle teknikoak Bigarren Hezkuntzako kidegoan integratzeko prozesuaren lehen zirriborro bat aurkeztu ziguten eta hurrengo asteetan egingo da publiko.
Bi prozesu hauen inguruan eta Lanbide Heziketako Legearen aplikazioaren inguruan galderak egin genituen eta urtea amaitu aurretik mahai propio batean lantzeko konpromisoa hartu du Hezkuntza Saileko pertsonal buruak.

Behin-behinekotasunarekin bukatzeko neurriak eta negoziazio erreala exijitzen jarraituko dugu!

INFO-IRAKASLEAK-Azaroak-18