UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren aurrean jubilazio akordioak ez deseustatzeko eta plantillak gaztetu eta egonkortzeko exijitu dugu

342

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren gaurko bilerako 5. puntuan, “Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko I. Plana. Erretiro egoerara igaroteko neurriak” izenburuan, langileen jubilazioa sustatzeko indarrean dauden akordioak deseustatzeko proposamena baino ez dagoela salatu dugu goizean Bizkaia Aretoaren aurrean egin dugun elkarretaratzean. Horretaz gainera, gobernu kontseilukideei gutun irekia igorri diegu, unibertsitateko zuzendaritzak langileen eta sindikatuen eskubideen aurka hartu duen neurria azalduz, eta puntua kentzeko eskaerarekin bat egin dezaten, benetako negoziazio bati bidea emanez.

Iragarri bezala LABek mobilizazioak burutu zituen pasa den ostiralean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan enplegu publiko duina aldarrikatuz, langile publikoen eros-ahalmena bermatzeko exijituz eta akordio arrotzak salatuz. UPV/EHUko langileok ere parte hartu genuen mobilizazio horietan, azkenaldian EHUko zuzendaritzak langilegoari inposatu nahi dizkion murrizketak salatzeko.  

Murrizketa horien artean, EHUko zuzendaritzak ikasturte berriarekin batera aurkeztu digun erretiroen pizgarriak murrizteko proposamena da egun hauetan garrantzia berezia hartu duena. Iraila eta urrian zehar erretiroen inguruko batzorde teknikoak egindako bileretan aurkeztu zaizkigun proposamenetan argi geratu da zuzendaritzak alde sozialarekin ezer adosteko inolako asmorik ez duela.

Asmo onik gabeko “negoziazioak”

Hasieratik lan eskubideen aurkako erasoa baino izan ez dena, asmo onik gabe burututako negoziazio bilera hauen bidez mozorrotu nahi izan du administrazioak. Negoziazioak bukatutzat eman zituen, gaurko Gobernu Kontseiluak “Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko I. Plana. Erretiro egoerara igaroteko neurriak” delako plana onar zezan. Itxurakeria hutsa izan da burututako prozesua, EHUk, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, Madrildik ezarritako bere langilegoaren aurkako inposizioa, bere egin eta lotsagabe aurrera eramateko.

LABetik gogor salatzen dugu unibertsitateko agintariek eta Eusko Jaurlaritzak espainiar aginduekiko erakutsitako morrontza. Harritzekoa da, halaber, estatu mailako zenbait sindikatuk gai honen aurrean erakutsi duten zinismoaren zenbaterainokoa. Inongo lotsarik gabe, egun batean Madrilen, lau haizetara zabaldu duten Gizarte Itunaren baitan, Espainiako Gobernuarekin erretiroen atzerapena saritzen eta sustatzen duen akordioa sinatu ostean, hurrengo egunean, gurean, beraiek Madrilen sinatutako akordioaren inplementazioa bilatzen duten neurrien aurka, negoziazio mahaietatik altxatu eta aldarrikapenik, ustez, sutsuenak egiteko, UPV/EHUko langileen aurrean egin dutena ezkutatu nahirik.

Benetako negoziazio bat exijitzeko eta planteatzen zaizkigun murrizketei aurre egiteko LABek mobilizazio dinamika bati ekin dio. Urriaren 14ko mobilizazioetan abiatu genuen dinamika hau eta gaur, urriaren 20ko Gobernu Kontseiluaren aurrean, kontzentratuz eman diogu jarraipena. Eta gaurtik aurrera ere, unibertsitate publikoak dituen arazo larriak —prekarietatea eta plantillen zahartzea— salatzen jarraituko dugu, baita irtenbideak bilatzeko benetako negoziazioetan parte hartzen ere.

Gobernuko Kontseiluak onartu du

Eguerdian, Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak sinatutako gutun batean, zuzendaritzak langileei esan die “(…)erretiroa hartzeko baldintzen aldaketari dagokionez, negoziazio prozesuak ez du akordiorik ekarri. Hori dela eta, giza baliabideak arrazionalizatzeko plan bat izateari begira, gaur proposamen bat aurkeztu diogu UPV/EHUko Gobernu Kontseiluari eta onartua izan da”.

Egia esan, bozketan, nabarmen geratu da kontseiluan bertan izandako iritzi kontrajarriak; izan ere, 20 kidek proposamenaren alde bozkatu dute, eta 15k, aurka. Lauk abstentziora jo dute, eta boto bat nulua izan da.

Hemendik aurrera, inposaturiko murrizketen aurrean eman beharreko erantzuna aztertuko dugu, eta bide guztiak erabiliko ditugu langileen eskubideak defentsan.