EAEko Hezkuntza Publikoko azken mahaia: LEPa eta lan-akordioaren negoziazioa

346

Asteazkenean, uztailaren 6an, EAEko Hezkuntza Publikoko irakasleen azken mahai sektoriala izan genuen Lakuan. Bertan LEPa eta lan akordioaren negoziazioaren egutegi berriaren proposamena landu genituen.
LEPari dagokionez, meritu-lehiaketako deialdiaren zirriborroa aurkeztu zigun Hezkuntza Sailak. Estabilizazio-prozesuetako plazen prozesuei dagokionez, Hezkuntza Sailaren proposamenean meritu-lehiaketarako 3.178 plazarako deialdia egiten da, ezagutzen genuen proposamena baino 481 plaza gehiago.
Sindikatuok ekarpenak egiteko epea dugu oraingoa eta zentzu horretan LABentzat ezinbestekoak izango dira:
✅ Espezialitatekako plazen kopurua aztertzea, espezialitate guztietan jaitsi behar baita behinbehinekotasun tasa. Horretarako, datu zehatzak eskatu genizkion Administrazioari.
✅ Lege-iruzurrean egondako bitarteko funtzionario guztiek berdintasun printzipioen arabera barematzen dutela bermatzea, laguntza zerbitzuetan edo zerbitzu eginkizunetan aritutako langileak barne.
✅ Euskalduntzean atzerapausorik ez ematea. Lanpostu bakanteek dituzten hizkuntza eskakizunen derrigortasun datak betetzea eta ez atzeratzea.
Sindikatuon ekarpenak jasota, uztailaren erdialdean aurreikusten den beste bilera batean, ustez behin betikoa izango den deialdia aurkeztuko digute. Meritu-lehiaketa kidego guztietan batera burutuko dela esan digu Hezkuntza Sailak. Haien asmoa behin betiko deialdi hau irailean argitaratzea da.
Lan akordioaren negoziazioari dagokionez, berriz, Hezkuntza Sailak egutegi proposamen bat eman digu, berau hurrengo ikasturteko lehen hiru hilabetera atzeratuz. LABek kezkaz bizi du etengabeko atzerapen hau, urteetan berritu ez den lan akordioa edukiekin eguneratzeko premia baitugu. Zentzu horretan, gogor kritikatzen dugu lizentzia eta baimenei lotuta Hezkuntza Sailak 2021ean egin zuen aldebakarreko agindua oraingoz bertan behera utzi ez izana, bideratzen ari garen errekurtso guztiak langileen aldekoak diren arren. Mahai-negoziatzailetan, eskoletan zein kalean lan-akordioak jasotzen dituen lan baldintzak eta lizentzia eta baimenak borrokatzen eta negoziatzen jarraituko dugu.

Ondorioz, langileon lan baldintza duinen defentsan jarraituko dugu.

IRAKASLEAK-07-11ko-Infoa