Gure borroka sindikalaren ondorioz, EAEko Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen afera konpontzeko aurrerapausoa eman dugu

600

Jakin berri dugu EAEko Irakasle Tekniko guztiek EHUk eskainitako Formakuntza Pedagogikoa egiteko aukera izango dutela, ikastaroan sartzeko baldintza gisa ezarritako hizkuntza-mailaren frogagiria izena ematean aurkeztu beharrean, geroago aurkezteko aukera eman baitiete, LABek eskatzen zuen bezala. Enplegu Publikoaren Eskaintzan aurkeztu ahal izateko beharrezkoa den formakuntza egiteko, atzerriko hizkuntza baten B1 mailako frogagiria exijitzen du unibertsitateak. Arazoa zen irakasle tekniko batzuek, hizkuntza-maila izan arren, ezin zutela garaiz aurkeztu, ikastaroetatik kanpo, eta, ondorioz, lanean jarraitzeko aukerarik gabe geratzen zirela.

Hori dela eta, eta arazoari konponbidea emateko asmoz, Hezkuntza Sailari eskatu genion EHUk bi aukera eman zitzan irakasle tekniko guztiek behar duten formazioa egin zezaten: batetik, hizkuntza gaitasuna akreditatzeko froga EHUk egitea edo eta, bestetik, hizkuntza gaitasuna titulua lortzeko baldintza gisa ezartzea eta ez izen-emateko orduan aurkezteko ezinbestekoa. Lehenengoa ezinezkoa zela-eta, azkenean, presio sindikalaren eta negoziazioen ondorioz, izena emateko momentuan ordez, langileek akreditazioa lortzeko azterketa gainditu ondoren ahalko dute matrikula egin, ikastaroa hasi eta gero.

Hiru urteko borrokaldi baten ondoren, irakasle teknikoen kolektiboak argia ikusten du, eta hurbilago du beren aferaren irtenbidea. Gogoratu, aurreko ikasturtearen amaieran, 16 espezialitate ez-singularretako ordezko irakasleentzat Jaurlaritzak egindako proposamenean hurrengo LEPean aurkeztu ahal izatea eta Formakuntza Pedagogikoa egiteko aukera jasotzen zirela. Ez-nahikotzat jo genuen, besteak beste LEPa gaindituko ez luketenen etorkizuna zein izango zen ez baitzigun esan Hezkuntza Sailak.

Orain, garaipen baten albisteagatik zoriondu behar ditugu langileak. Eta aurrerantzean emango diren urratsetan, LABetik langile guztientzako berme izateko lanean jarraituko dugu. Lanbide Heziketako langile guztien lanpostuen defendatzen jarraituko dugu!