Leioako Campuseko Areto Nagusiaren aurrean, UPV/EHUko irakasle-ikertzaile askok pairatzen dituzten prekarizazio eta bazterketa salatu ditugu “UPV/EHUn irakasle-ikertzaileen prekarizaio eta diskriminazioari ez!” lelopean gaur eguerdian egin dugun elkarretaratzean.
Euskal Herriko Unibertsitatean irakasten eta ikertzen ari garen langile asko egoera prekarioak eta diskriminazioa pairatzen ari gara. LABetik EHUko zuzendaritza taldeari egoera hauek behin eta berriro salatu eta beraiekin bukatzeko proposamenak egin arren, endemiko bihurtu dira. Bereziki 3 kolektibo dira egoera larrian daudenak:
Batetik, lanaldi partzialdun irakasleak. EHUko 4.285 irakasletatik % 22,3-k lanaldi partzialeko kontratua du. LABen egin berri dugun inkesten eta diagnosi txostenaren arabera, kontratatutako orduen %309ko lanaldiak egiten ari dira batez beste, alegia ordaindutakoaren hirukoitza. Irakasle hauei bakarrik klase eta tutoretza orduak ordaintzen zaizkie. Eta, ezinbestez burutzen dituzten gainontzeko jarduerak (klaseen prestaketa, kudeaketa eta formazioa) ez zaizkie aitortzen, ezta kasu askotan egiten den ikerketa. Ordainetan, hilean 800 eurotik beherako soldatak dauzkate! Honi prekaritate latza baino ezin zaio deitu.
Bestetik, EHUn 1.334 ikertzaile kontratu daude, eta horietatik 646 doktoregoa burutzen ari dira, beraien soldatak hilean 1000 euro ingurukoak izanez. Doktoretza osteko ikertzaileei dagokienez, oztopoz betetako karrera profesionala dute, egonkortasuna izatea ametsa delarik.
Azkenik, aldi baterako irakasle-ikertzaileen kolektiboa dugu, zeintzuei ikerketa merituei lotutako osagarriak eskatzea ukatzen zaien.Seiurtekoak lortzeko ikerketa meritu nahikorik izan arren, irakasle atxiki eta bitarteko irakasle gehiengoari ukatu egiten zaio eskaera. Eta ANECAk bidea zabaldu zuen arren, EHUk, Unibasq-ek eta Eusko Jaurlaritzak langileen arteko diskriminazioarekin jarraitzen dute!
Egoera hauen aurrean LABetik 7 eskaera zuzen egiten dizkiogu EHUko Errektoretzari:
- Lehenik: Kontratu partzialdun irakasleen soldata igotzea, egiten diren jarduera guztiak (klaseak prestatzea, kudeaketa, formazioa…) aitortuz. Horretarako errektoretzak 41/2008 dekretua aldatzeko kudeaketa egin behar du Eusko Jaurlaritzarekin.
- Bigarren: Kontratu partzialdun irakasleentzat bosturtekoen aitortza eta ordainketa.
- Hirugarren: Lanaldi partzialeko kontratu kopurua murriztea, behar-beharrezkoak soilik utziz eta lanaldi osoko kontratuak lehenetsiz.
- Laugarren: Irakasle elkartu plazak kanpoko profesionalekin betetzea, eta ez ordezkapen poltsetatik. Ordezkapen poltsetatik betetzekotan (profesional bat topatzen ez delako) gehienez ikasturtea bukatu arte egon eta, profesionalik topatu gabe jarraitzekotan, plaza hori amortizatu eta atxiki plaza bat sortzea.
- Bostgarren: Soldata duinak doktorego aurreko zein doktorego osteko ikertzaileentzat, inolako salbuespenik gabe.
- Seigarren: Ikertzaile ibilbidea behingoz definitzea eta I3 akreditazioa duten ikertzaile guztiei doktore kontratatu lanpostu iraunkorrera lehiatzeko aukera irekiz.
- Zazpigarren: Aldi baterako irakasle-ikertzaile guztiei seiurtekoen eskaera bideratzea eta, aitortuta izatekotan, ordaintzea. EHUko zuzendaritzak dagokion kudeaketa egin behar du Unibasq eta Eusko Jaurlaritzarekin, ANECArekin eranskina lehenbailehen sinatzeko.