Hego Euskal Herriko ikastoletako langileon erronkak ikasturte berrian

442

Ezohiko bigarren ikasturtea hasi dugun honetan ikastoletako langileok, iazko moduan, izugarrizko ahalegina egingo dugu aurrez aurreko eskolak bermatzeko. Osasun Publikoko arduradunen protokoloez haratago, ikastolaz ikastola Kontinjentzia Planak adostuak ditugu. Plan  horiek ezinbesteko tresna dira langileon osasuna bermatu eta hezkuntza jarduera ahalik eta normalizatuena garatzeko.  

Iazko ildoari jarraiki, Hezkuntza Sailak EAEn eta Hezkuntza Departamentuak Nafarroan nahikoak ez diren baliabide gutxi batzuk jarri dituzte ikastolen eskura. Hego Euskal Herrian daukagun osasun krisiak are eta ageriago utzi ditu gure hezkuntza sistemaren gabeziak. Bi urte hauetan Hezkuntza arduradunek ez dute egiturazko neurririk hartu egungo hezkuntza erronkei aurre egiteko. Ez dute ratio jaitsieraz, ezta hezkuntza sistemak behar duen langileen gehikuntzaz edota eskola eredua iraultzearen beharraz ere hitz egin nahi izan.

Horretaz gain, EAEko ikastoletako langileen egungo plantillak mantendu ahal izateko ezinbestekoa da Hezkuntza Sailak, EHIk zein EIBk eta LAB sindikatuak bere garaian sinatu zituzten errelebo kontratuak gauzatzeko akordioei segida ematea. Errelebo kontratuen finantziazioa 2021eko abuztuaren 31n amaitu da eta akordio horren luzapenaren inguruan Hezkuntza Sailak ez du ezer esan. Egoera honi berehalako irtenbidea ematea ezinbestekoa da gure lankideek merezitako kalitateko erretiroa izan dezaten eta ikastoletako langileria egonkortu dadin. Halaber, Nafarroan 2022ko abuztuaren 31an bukatuko den errelebo kontratuen inguruko akordioari ere segida eman beharko zaio.

2021 urtean, Lan Hitzarmen berriak sinatzeko negoziazio prozesuak martxan jarriko ditugu. Lan Hitzarmenen baitan ikastoletako langile guztien lan-baldintza duinak bermatzea bilatzen dugu, administraziopeko langileekiko lan-baldintzen homologazioan pausuak emanez.