Hezkuntza Sailaren arduragabekeriaren eta ezarritako aldebakarreko irizpide murriztaileen ondorioz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait ikastetxek behar baino langile gutxiagorekin jarraitzen dute ikasturtean aurrera. Horren adibide da Oreretako Bizarain Ikastola HLHI
LABek babes osoa adierazi nahi dio Bizarain Ikastolako hezkuntza komunitateak hartutako bideari. Hezkuntza Sailaren arduragabekeria salatzeko eta HH2ko taldeari dagokion tutorea berehala esleitzea exijitzeko, langileek eta familiek mobilizazio-bideari ekin diote.
Irailaren hasieran, matrikulazio berriaren ondorioz, HH2n talde berri bat sortu zen ikastetxean. Hala ere, hilabete eta erdi igaro den arren, ikas-talde horretako ikasleek ez dute tutorerik.
Egoera horrek eragina izan du ikastetxearen funtzionamenduan, irakasleen lan-karga handitu du eta hezkuntza-zerbitzuaren kalitateari kalte egin dio.
Zoritxarrez, Bizaraingo egoera icerbergaren punta baino ez da; izan ere, LABek ikastetxeetara egindako bisiten bidez eta zuzendarien zein afiliatuen dei eta mezuen bitartez jasotako informazioaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat ikastetxek ere behar baino baliabide pertsonal gutxiago jaso dituzte. Horrek ondorio kaltegarriak ditu hezkuntzaren kalitatean.
LABek gertutik jarraitu du Bizarain Ikastolak abiatutako bidea, eta eskura dituen baliabide guztiak jarri ditu ikastetxearen esku. Ez-betetzeak dauden ikastetxeetan ere bidelagun izango gaituzue.
LABek orain arteko ildo beretik jarraituko du lanean ikastetxez ikastetxe: langileak antolatzen eta mobilizazioa sustatzen. Izan ere, ezinbestekoa da Hezkuntza Sailarengan presioa biderkatzea akordioak garatu, betearazi edota negoziaketa berriak abiarazteko.
Beraz, LABek bere bitarteko guztiak langile eta zuzendaritzen esku jartzen jarraituko du mobilizazioetarako bidelagun izan edota egoeraren salaketak behar diren esparruetara eramateko.
INFO-Bizarain-2026-10-21


